Gaztetxea hilaren 15ean inauguratuko dute gazteek

Urola Kostako Hitza 2005ko uzt. 11a, 12:07

Gazteen autogestioa eta antolakuntza sustatzeko balioko duela diote

"Gazteriari eta herriari aurrera begira egingo diren asanblada eta auzolanetan parte hartzeko" eskatu dute emandako prentsaurrekoan (www.urola-kostakohitza.info)

Azpeitiko gaztetxe berriaren inaugurazio eguna iragarriz, prentsaurrekoa eman zuten gaur egun buru-belarri gaztetxea izango dena atontzen dabiltzan gazteek. Inaugurazioa hilaren 15ean da, eta "Gaztetxea irabazi dugu, etorkizuna irabazteko!" lelopean egingo dute ospakizuna.

Azpeitian Gazteok Zer?! taldearen hastapenak eta ordutik gaur egunera artekoaren errepasoa egin zuten: "Gazteok Zer?! taldearekin Azpeitiko gazteriari bere kabuz eta iniziatibaz gauzak sortzeko, bultzatzeko eta lantzeko aukera eskainiko zion gune bat sortu zen. Gazteria ikusle soil izatetik, bere kabuz antolatzera eta gauzak egitera pasatu zen. Horrela, gazte problematikaren eta aisiaren inguruan hainbat eskaintza egin izan da. Baina eskaintza handitzen joan den bezala, arazo edo behar batekin egin dugu topo; gaztetxe baten beharra genuen". Gaztetxeak, gazteen autogestio eta antolakuntza bultzatzeko balioko du, gazte sorkuntza bultzatuko duen gunea izango da, eta gazteen ustez elkarkomunikazioa ere indartuko du.

Azken urteotan gaztetxea eskatuz egin diren ekimen guztiak ere gogoan eduki zituzten gaztetxekoek: "Gaztetxearen alde babes ugari jaso ditugu, eta eskerrak eman nahi dizkiegu denei. Bide luzea bezain gogorra izan da, konpromiso mailak uztartuz ireki den bidea. Gazte koadrilen inplikazioa, herriko taldeen babesarekin egindako ekimenak, Udalarekin izandako gatazkak, kartzela zigorrak. egin den bidearen adierazle garbi dira". Udalak utzi die lokala gazteei, eta hitzarmen bat ere egin dute. Baina gazteek garbi dute gaztetxea ez dela Udalaren oparia, "gazteon arteko antolakuntza eta borrokaren bidez lortu da, eta etorkizunean ere lan horretan oinarrituko gara", diote.

Etapa berria

Azpeitiko gazteentzat "etapa berri bat hasiko" dela aipatu zuten gazteek. "Beti azpimarratu izan da gaztetxea ez dela helburu bat, hainbat helburutara heltzeko tresna baizik. Etorkizunari begira gaude, bide asko dago egiteko, baina sekula baino indar eta gogo gehiagorekin ekin diogu bide horri".

Orain gazte asanblada "indartsu" bat osatu beharraz hitz egin zuten. "Borroka desberdinak jarriko ditugu martxan, gazteriarentzako hainbat eskaintza egingo dugu; gazte bakoitza bere esparruan, baina, halaber, denok batera egingo dugu lan, gure eta herriaren etorkizunari begira". Horregatik, gaztetxekoak herriko talde eta koadrila gehienekin jarri dira harremanetan, hauen inplikazioa "ezinbestekoa" ikusten dutelako gaztetxearen funtzionamendu egokirako. "Dei egiten diogu gazteriari eta herriari aurrera begira egingo diren asanblada eta auzolanetan parte hartzeko".

Beste herri batzuetako gaztetxeak ere gogoan izan zituzten gazteek. "Euskal Herriko hainbat gaztetxeren aurka eta aldarrikapen honen aurka ematen ari diren erasoak salatu nahi ditugu, herri horietako gazteei gure elkartasuna adieraziz. Beti bezain tinko borrokan jarraitzeko dei egiten diegu".

Uztailak 15, agenda

  • 19:00etan, aurkezpena. Gaztetxeko asanbladaren aurkezpena, herriko plazan. Ondoren, kalejira eta txupinazoa.
  • 21:00etanetan, pintxo dastaketa eta txotxa, gaztetxean. Gero, antzerkia.
  • 23:00etan, kontzertuak gaztetxean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide