Dagoeneko lau jokalari berri fitxatu ditu Lan Mobel Iraurgik

Urola Kostako Hitza 2005ko uzt. 12a, 14:07

EBA Ligan jokatzeko ia talde osoa osatu dute saskibaloi taldekoek

Egunotan Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldea datorren denboraldirako taldea osatzen ari da. Dagoeneko lau jokalari berri fitxatu ditu: Asier De La Iglesias, Aitor De Miguel, Joseba Ibargutxi eta Asier Urbieta.

Saskibaloi taldera etorriko diren jokalariekin hamar laguneko taldea osatuta dauka. "Ia osatu dugu taldea, baina oraindik bakarren baten erabakiaren zain gaude. Hamaika jokalariko taldea osatzea da nire asmoa", dio Lolo Encinas Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldeko entrenatzaileak.

Datorren denboraldian Lan Mobel Iraurgin jokatuko dutenak honakoak dira: Jon Arozena, Hernando, Osa, Lizarriturri, Eneko Etxeberria, Artetxe, Aitor de Miguel, Asier De La Iglesias, Joseba Ibargutxi eta Asier Urbieta.

De Miguel eta De La Iglesias urretxuarrak dira. Aurrenak orainarte Goierri taldean jardun du jokatzen. Hegaleko natolatzaile postuan jokatzen du eta 22 urte ditu. Atletiko taldea saiatu da bera fitxatzen, baina azkenean Lan Mobel Iraurgira etortzea erabaki du. De La Iglesias, berriz, Atletiko taldetik dator. Baina ez da saskibaloiko talde donostiarretik etorriko den jokalari bakarra, Urbieta eta Ibargutxi ere handik etorriko baitira. Ibargutxik antolatzaile postuan jokatzen du eta 22 urte ditu. Urbieta ere 22 urteko jokalaria da eta hegaleko postuan jokatzen du.

Atletikotik datozen jokalariek EBA Liga ezagutzen dute, beraz maila ez zaie arrotza egingo eta ezta taldea bera ere. Urbietari ez behintzat. "Atletikotik Lan Mobel Iraurgira etortzera animatzeko arrazoiak bat baino gehiago izan dira. Atletikon jokatu dut azken urteetan eta han ezagutu nuen Lolo Encinas entrenatzailea, bestetik taldeko jokalari batzuk ere ezagutzen ditut elkarrekin jardun dugulako saskibaloian. Gero, aitak Iraurgira etortzeko asko animatu nau", kontatzen du Urbietak.

Aitaren bidetik

Urbieta bera donostiarra baldin bada ere, aita —Esteban Urbieta— azpeitiarra eta Iraurgi saskibaloi taldean jardundakoa du. "Aitak kontatu didanez, bera gaztea zela Lagun Onak taldea sortu zuten eta handik saskibaloiko mugimendu guztia sortzen joan zen. Bera han ibili zen saskibaloian", dio.

Iraurgi Saskibaloi Elkartea 25. urteurrena liburuan azaltzen denez, Esteban Urbietak Azpeiti eta Azkoiti arteko lehen saskibaloi taldeetan jolastu zuen, besteak beste, Anaitasuna Illarran, Antton Juaristi, Jose Mari Aldalur, Federico Aranbarri, Felix Mateos, Marcos, Fari Garmendia eta Txotxe-rekin batera. Ondoren, 1973an sortu zen, Lagun Onak saskibaloi taldean ere jokatu zuen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide