Igor Etxaniz Kinttela (22 urte) Iruñean bertan zen gaur, harekin hitz egin dugunean.
**Atzo (asteartea, hilak 12) Iruñean sanferminetan toreatzen zenuen aurreneko aldia zenuen eta min hartu zenuen. Zer gertatu zitzaizun?**
Iruñeko zezen-plazako lurra oso gogorra da. Dena ondo zihoan, bi banderilla jarri nizkion zezenari eta hirugarrena jartzera nindoala, zaldiak irrist egin eta lurrera erori zen, harekin batera ni ere lurrera erori nintzen eta zezenak hankan kolpatu ninduen. Hasieran ondo nengoen, baina hanka hoztu ahala mina sentitzen hasi eta azkenean ezin oinez ibilita gelditu nintzen. Orduan, zezen-plazako enfermerira eraman ninduten eta hango medikuak hanka hautsita neukala uste zuen, eta, beraz, handik ospitalera joan nintzen. Han plakak atera zizkidaten, hanka ez nuela hautsita esan zidaten, baina bai lotailuak kolpatuta eta giharrak gogortuta nituela. Bendaje gogor bat jarri eta orain makuluekin nabil. Medikuak bi asteko atsedena hartzeko gomendatu dit, baina hilaren 24an Azpeitian zezenketa dut eta hiru-lau eguneko atsedena hartu eta han ere toreatu egingo dut.
**Aurten aurreneko aldia zenuen Iruñeko zezen-plazan toreatzen zenuela.**
Bai, atzo eta gaur toreatu behar nuen Iruñean. Baina atzo min hartu nuenez, gaurkoa bertan behera utzi behar izan dut. Hala ere, neu zezenketa ikustera eta medikuaren txostena ekartzera Iruñera etorri naiz.
Azpeitian, beraz, toreatuko duzu.
Bai, hilaren 24an Azpeitian izango naiz, gero abuztuan eta irailean Espainian toreatuko dut: Salamancan, Badajozen Eta, igual, Nafarroan ere pare bat zezenketa egingo ditut. Niretzako aurtengo denboraldiko zezenketa garrantzitsuenak Iruñekoak eta Azpeitikoak dira. Orain, Azpeitian ezin dut hutsik egin.
Aurten gainera hiru zaldi berrirekin ariko zara Azpeitian, ezta?
Bai, Azpeitian inoiz ez dut zaldi horiekin toreatu. Azkena orain dela bi urte toreatu nuen herriko zezen-plazan; orduan beste zaldi batzuekin jardun nuen. Zaldi berrietako bat atzo erori zena da, baina zaldiak ez dauka ezer, ondo dago. Beste zaldi batek sei urte dauzka eta artista bat da. Banderilletan, ekarri berri dudan behor batekin jardungo naiz. Ilusio handiz toreatuko dut herriko zezen-plazan. Inoiz ez dut kolperik hartu eta oraintxe gertatu behar!... Baina arrisku horrekin toreatzen dugu eta pasa zitekeen zerbait gertatu zait. Hala ere, ez dut ezer hautsi eta hainbestean gustura.