Ostiralean, etzi, inauguratuko dute Gaztetxe berria. Gazteek Gaztetxe zaharra okupatu zutela bost urte betetzen diren egunean bertan izango da berriaren inaugurazio eguna. 2000ko uztailaren 15ean 50 gazte inguru bildu eta Erdi kalean Gaztetxe zaharra zegoen lokala okupatu baitzuten, "herrian gazte gune baten beharra zegoelako". Hurrengo egunean Udalaren aginduz hustu egin zuten Gaztetxe zaharra.
Gaztetxe zaharra 1986. urtean zabaldu zen eta zazpi urtez Azpeitiko Gazte Asanbladak eduki zuen zabalik. 1993ko urriaren 13an Azpeitiko Udalak itxi egin zuen.
Orain Urola kalean, Loiola 91 bezala ezagutzen den eraikinean, Udalak utzitako lokal batean izango da Gaztetxea. Hitzarmen bat adostu dute gazteen eta Udaleko ordezkarien artean. "Hitzarmena oraindik sinatu gabe daukagu, baina herriko festak gainean ditugunez, behin-behinean lokala eta lan taldeak antolatu eta ostiralean irekiko dugu", diote Azpeitian Gazteok Zer?! taldeko kideek.
Gazteen hitzetan gaur egungo Gaztetxea ez da Udalak "egindako oparia". "Urteetan gazteok egin dugun lanaren eta borrokaren ondorioz lortu dugu lokala, eta orain gazteok antolatzen hasteko garaia dugu", diote Gazteok Zer?! taldekoek.
Azken egunetan inaugurazio egunari begira lanean ari dira gazteak. "Gaztetxea barrutik margotu egin dugu, behin-behineko barra bat ere jarri dugu eta etzirako irekiera egunerako ekitaldiak antolatzen ere ari gara", diote. Astero batzar irekiak egiten ari dira, eta asteartero 21:00etan biltzen dira Gaztetxean. "60 lagun inguru biltzen gara astero. Gerora Gaztetxeak izan behar duen oinarrizko funtzionamendu ereduaren baitan ari gara lanean. Baina Gaztetxearen irekiera eguna, festak eta abuztua pasatzen direnean talde finkoak osatzeari ekin beharko diogu, antolaketa eta oinarrizko azpiegiturak finkatuz. Irailetik aurrera, Gaztetxean egin asmo diren tailerrak-eta proposatu eta horiek antolatzen hasiko gara".
Etzi, 19:00etan hasiko dira Gaztetxe berriaren inaugurazio ekitaldiak, herriko plazan egingo duten aurkezpen ekitaldiarekin.