Antonio Aristi: "Lehen hamarren artean sailkatzea garaipen bat izango litzateke niretzat"

Uztarria 2005ko uzt. 14a, 16:07

Urrestildarrak asteburu honetan Bilbon izango den lasterketan parte hartuko du

Gara egunkariak elkarrizketa egin dio horren guztiaren inguruan

Antonio Aristi urrestildarrak aurtengo denboraldian Epsilon Euskadi taldearekin aritzeko aukera du. Ikusleek, berriz, asteburu honetan izango dute Aristi ikusteko aukera Bilboko lasterketan parte hartuko duelako. Gara egunkariak elkarrizketa egin dio horren inguruan. Hauxe hain zuzen:

"Ezberdintasun handia al dago iazko eta aurtengo denboraldien artean?

Futbolarekin konparazio bat eginez gero, erregionalean aritu eta gero, ia lehen mailara pasatzea bezalakoa izango litzateke. Iaz mekaniko bat edo birekin joaten nintzen lasterketetara, eta orain talde bat daukat atzetik. Ni arduratzen nintzen kotxearen mantenimenduaz, eta orain talde profesional batean nabil.

Eta kotxeari dagokionez?

Guztiz ezberdina da, ez dauka zerikusirik. Betibili izan bainaiz turismoetan eta oraingoa formula bat bezalakoa da, monoplaza bat da; indarra eta motorra atzean ditu.

Beraz, ohitzeko prozesuan zaudela esan daiteke, pozik zaude orain arte egindakoarekin?

Oso gustura nago egindako lanarekin, Le Mansen lehenengo hamarren artean ibili nintzen une batzutan bigarren lasterketan, baina gero tronpo bat egin eta atzeratu egin nintzen. Pixkanaka erritmoa hartzen hasi gara eta lehen egunarekin alderatuz, nahikoa aurreratu dudala uste dut.

Asteburu honetan Bilboko lasterketa dator. Ikusi al duzu ibilbidea? Zer deritzozu?

Astelehenean egon nintzen Kubicarekin ibilbidea ikusten, eta oso ikusgarria izango dela uste dut. Ikuskizunerako oso toki aproposean kokaturik dago, dituen bi zubiekin, eta zaletuentzat oso erakargarria izango da.

Zeintzuk dira zure asmoak?

Etxeko publikoaren aurrean eta etxeko taldearekin arituko naizenez, denak gaude gogo handiarekin ondo egiteko. Nik nire partetik dena jarriko dut. Ikusiko dugu orain arte eman ditudan aurrerapausoekin jarraituko dudan, ostiralean entrenamenduen ondoren ikusiko da non gauden.

Zerekin geratuko zinateke konforme?

Lehen hamarren artean sartzea niretzako garaipen bat izango litzateke.

Ba al dakizu zure herritik jende asko gerturatuko den zu animatzera?

Nire koadrilako lagunak hotela hartuta dute hiru egunetarako, Urrestillako lagunak bertan izango dira eta Azpeitia ingurutik-eta autobus ugari ere antolatu dituzte Bilbora hurbiltzeko.

Denboraldi hasieran, zeintzuk izan ziren bai taldeak eta bai zuk zure buruari jarritako helburuak?

Taldeak beti esaten dit lasai hartzeko, oraindik oso kilometro gutxi baitaramatzat kotxe honen barruan. Azken batean, zirkuituetara, txapelketara, kotxera eta taldera ohitzen joateko esaten didate. Alde horretatik, ni nahiko lasai nago eta nire helburua lehen hamarren artean egotea izango litzateke.

Oraindik lasterketa ugari geratzen dira, zeinetan duzu gogo gehien parte hartzeko?

Estorilgo lasterketa egiteko gogo handiarekin nago, urriaren 2an izango da. Bi aldiz izan naiz zirkuitu horretan eta bietan pole egitea lortu nuen."

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide