Gaztetxea? Zeinena? Zeinentzat?

Mikel Arregi 2005ko uzt. 15a, 17:07

Mamuz josita dago Azpeitiko Gaztetxea

Udalak ezin du Gaztetxea berea balitz bezala jokatu. Gazteena da, ez Udalarena

Gaur egun handia izan behar zuen Azpeitiko gazteentzat. Eta izango da ziurrenik, baina ez merezi hainbesterainokoa.

Berriro ere Gaztetxea Azpeitian. Lan handia eman duen gaia izan da: okupazioa, manifestazioa, grabaketak, mamuak, inputazioak, gezurrak, egiak, salaketak, manipulazioak, epaiketak, kartzelaren mamua, negoziazioa, gaztetxea.

Mamuen laguntza izandako Gaztetxeak, ordea, mamuz jositako hasiera izango du. Eta bart gertatutakoa ikusita, zalantza handiak sortzen zaizkit niri. Ez al zen gazteek kudeatu beharreko gaztetxea? Udalak erabaki behar ote du Gaztetxearen funtzionamendua zein izan behar duen, dekorazioa nolakoa, aldarrikapenak zeintzuk?

Gaztetxea gestionatzeko eskubidea gazteek bakarrik dute, lokala Udalarena izan, pribatua izan edo dena delakoa izan. Eta gaizki abiatu gara, bart udaletxeko langileak sartu eta nahi dutena egin dutelako. Ongi iruditzen ez zitzaizkien margo-lanak borratu dituztelako. Eta diot, horrela ez goazela inora. Izan ere, mural batetan udaletxea erortzen agertzea mingarria izan daitekeela? Bueno, izan daiteke. Baina Udalak garbi izan behar du Gaztetxea ez dela sekula bere gustukoa izango. Bestela ez litzateke Gaztetxea. Argi izan behar du Gaztetxea ez dela gazteen batzoki bat izango, ez dela euren araberako txiringitoa izateko ireki. Gustatu ala ez gustatu, Gaztetxe mugimenduan ibili den, dabilen eta ibiliko den gazte ororen ezaugarria errebeldia izan delako eta izango delako. Eta presoen aldarrikapenak egongo direla, eta Alde Hemendik ozen oihukatuko duten pintadak egongo direla. Eta Udalak Gaztetxea irekitzea onartu duen momentutik, hori onartu beste erremediorik ez du. Poliziaren porrapean erabakiak hartzera behartuta dagoen Gaztetxea, nekez izango da gaztetxe.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide