Bi herritarrak epaiketaren zain, gaur Madrilen deklaratu eta gero

Uztarria - Urola Kostako Hitza 2005ko uzt. 19a, 21:07

Hiru galderei erantzun behar izan diete eta kalera atera dira ondoren

"Guk pintadekin eta egozten digutenarekin zerikusirik ez daukagula deklaratu dugu", esan du herritar horietako batek

Pintadak egitea leporatu eta "terrorismoa goraipatzea" egotzita, A.A. eta J.U. azpeitiarrek Madrilen Auzitegi Nazionalean izan dira gaur (asteartea) deklaratzen, Teresa Palacios epailearen aurrean. Galdera batzuei erantzun eta kalera atera dira; biak orain epaiketaren zain geratu dira.

"Goizeko hamarretan genuen deklaratzeko hitzordua Espainiako Auzitegi Nazionalean. Ordu horretantxe sartu gara eta bi ordu beranduago irten dugu Auzitegitik. Epaileak hiru bat galdera egin dizkigu bakoitzari. Guk pintadekin eta egozten digutenarekin zerikusirik ez daukagula deklaratu dugu. Deklarazioa hartzea azkarra joan da. Orain fiskalak gure deklarazioak aztertuko ditu eta epaiketaren zain gelditu beharko gara», azaldu dio Urola Kostako Hitza-ri bietako batek telefonoz, Madrildik etxerako bidean.

Askatasunak herritar horiek Madrilen epaituak izatea salatu du: "Bi gaztek Madrilera joan behar izan dute deklaratzera. Ertzaintzak, Azpeitiko udaltzain baten deklarazioan oinarritutako txostena zuzenean Madrilera bideratu duelako, gazteak han epaituak izateko bidean jarriz. Eta orain gazteek kartzela zigor eskariei aurre egin beharko diete".

Guardia Zibila herrian

Herenegun arratsaldean Guardia Zibilak herritar batzuk, Betharrametako inguruan, larunbatean ospatuko den Preso eta Errefuxiatuen Eguneko kartelak eta egitaraua ipintzen ari zirela gelditu eta identifikatu egin zituen. "Kartelak jartzen ari ginela, biok identifikatu eta eskuan genituen kartel guztiak kendu zizkiguten", esan du herritar horietako batek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide