Azkenean, aurten ere herri bazkaria egingo dute saninazioetan

Urola Kostako Hitza 2005ko uzt. 21a, 12:07

Gaztetxean "jai herrikoiak sustatzeko" eta San Inazio bezperako herri bazkaria antolatzeko talde bat osatu dute (www.urola-kostakohitza.info)

Aurten, San Inazio bezperako herri bazkaria ez egitekotan egon dira, baina, azkenean, Gaztetxean talde txiki bat osatu dute, eta haiek antolatuko dute bazkaria.

Orain arte Festa Herrikoien Aldeko Batzordeak antolatzen zuen herri bazkaria, baina aurten Txosna Batzordea bakarrik osatu da, eta handik antolatu dira txosnetan egongo diren ekitaldiak. Gainera, herri bazkariaren ardura lagun gutxi batzuen gain egon da, eta horiek "nekatu" egin dira. Izan ere, bostehun lagun biltzen diren bazkaria antolatzeak "lanak" ematen ditu.

Kontuak horrela zeudela ikusita, Gaztetxean bazkaria antolatzeko ardura hartuko zuen talde txiki bat osatzea erabaki zuten, "jai herrikoiak bultzatu behar zirelako".

Antolatzaileen esanetan, berrikuntzak izango ditu aurtengo herriko jaietako herri bazkariak. "Paella prestatzera kanpotik etorriko dira, eta plazan paellera handi batean 500 lagunentzako arroza prestatuko dute. Ikusgarria izango da. Horrez gainera, bazkaria plazan egin beharrean azoka plazan egingo dugu, aurreko urteetan batzuk beroarekin kexu zirelako".

Bazkaritarako txartelak oraindik ez dituzte salgai jarri. Bazkaldu ondoren, txosnetan egiteko jolasak ere antolatuko dituzte Gaztetxekoek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide