Asteartean, hilaren 26an, Lagun Onak Futbol Elkarteko zuzendaritzak bilera erabakigarria du, eta bertan klubaren lehendakaria zein izango den erabakiko dute. Gaur egun Jose Mari Eizagirre da, eta honek bazkideen azken batzarrean zuzendaritza aldatzeko nahia azaldu zuen. Baina ez da hautagai berririk azaldu. "Asteartean, zuzendaritzako batzarra dugu eta han erabakiko dugu nork hartu klubaren lehendakaritza. Bestetik, zuzendaritza batzordean lagun berriak sartzeko aukera egongo da, jendearekin hizketan jardun baikara. Ea horrela pixkanaka jende berria sartzen joaten den", dio Eizagirrek.
Bitartean, Lagun Onak Futbol Elkarteko taldeak datorren denboraldirako entrenamenduak egiten hasi dira, eta taldeak ere osatuta dituzte.
Lagun Onak-en lehen taldekoak, Espainiako Hirugarren Mailakoak, atzo hasi ziren entrenamenduetan. "Atzo, elkar ezagutzeko entrenamendua egin genuen eta datorren astean hasiko gara serio lanean", esan du Aitor Zulaika entrenatzaileak. Lehen partida Gernikaren aurka izango dute, etxean, abuztuko azken asteburuan.
Nesken lehen taldea astelehenean hasi zen denboraldi berrirako prestaketa lanetan. Mikel Salegi izango da haien entrenatzailea. Urtebetez entrenatzaile lana utzita egon ondoren, berriro nesken taldea prestatzen hasi da, "ilusioz", dio berak. "Lau jokalari gazte hasi dira, eta lehen futbola utzita zeuden Lorea Landa eta Itxaso Kanpos berriro hasi dira futbolean. 21 jokalariko taldea osatu dugu", dio Salegik. Denboraldiko lehen partida irailaren 11n dute.
Kadeteen mailako nesken talde berria sortu da. Horien entrenatzen Marcos Villanueva ariko da (iaz, nesken lehen taldean jardun zuen). Irailaren 18an hasiko dute denboraldia.