Zubiola kooperatibak eta langileek Zilarrezko Q-a jaso dute

Urola Kostako Hitza 2005ko uzt. 22a, 11:07

"Zilarrezko Q-a azken hamarkadan egindako bilakaeraren emaitza izan da", adierazi du Maria Angeles Amenabar Zubiolako gerenteak (www.urola-kostakohitza.info)

Atzo, osteguna, Zubiola kooperatibak Zilarrezko Q-a jaso zuen. Zubiolan bertan egin zuten ekitaldia, eta bukaeran enpresako langile guztiek, banan-banan, Zilarrezko Q-a intsignia jaso zuten. Maria Angeles Amenabar Zubiolako gerenteak adierazi zuenez, "Zilarrezko Q-a azken hamarkadan egindako bilakaeraren emaitza izan da, kudeaketarako erraminta berriak jarri ditugu martxan eta langile guztiek egindako ahaleginari esker lortu da". Haren esanetan, gaur egun enpresa handi izatea baino garrantzitsuagoa da lantegi azkarrak izatea eta makalei aurre hartzea. Julian Eizmendi Azpeitiko alkatea ere han zen, eta honek Zubiola zoriondu zuen eta "konpetitiboak izateko ahaleginak egin beharra" dagoela eta "aurrera begiratuz lan egin beharra" nabarmendu zituen.

Euskalit-eko Gabriel Baldarrain zuzendariak, Zilarrezko Q-ak ondorio bikoitzak dituela adierazi zuen: "Bide ona hartu duzuela erakusten du, eta kanpora begira besteentzat eredugarri zarete". IƱaki Telletxea Eusko Jaurlaritzako Industria kontseilari ordeak, Euskal Autonomia Erkidegoan Zilarrezko Q-a 19 enpresek bakarrik dutela eta horietako bat Zubiola dela adierazi zien.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide