Bukatu da Pourra

Uztarria.eus 2005ko uzt. 24a, 20:07

Bukatu da aurtengo Tourra, eta baita Uztarriak antolatzen duen Pourra ere. Leire Larrañagaren Hor goitik itsasorik ikusten? taldeak irabazi du lehen saria

Juantxo Sagardogi izan da bigarren, eta Hugo Hidalgo hirugarren

Sari banaketa, San Inazio bezperan, 20:00etan, txosnan

Saritu guztiak

Saritu guztiak

Bukatu da Pourra eta hauek izan dira saritu guztiak, sailkapen nagusian ikus daitekeen bezala:

  • 1. Hor goitik itsasorik ikusten?, Leire Larrañagarena (Uztarria). 1.074 euro.
  • 2. Ziripolen bat, Juantxo Sagardogirena (Urtzi). 537 euro.
  • 3. Xanjuanriver, Hugo Hidalgorena (Erreka). 268,5 euro.
  • 6. Irazola taxistie, Iosu Zubizarreta (Amaia). Kirurin bi lagunentzako afaria.
  • 69. Kinttela loser, Aitor Aramendi (Amaia). Joseba Albizu, Euskaltel-Euskadiko txirrindulariaren elastikoa.
  • 100. Sukar, Xabier Lasa (Erreka). Uztarriaren sariak (elastikoa eta Uztarriaren txosnan gastatzeko 30 euroko balea).
  • 179. Alberto Beloki, Alberto Beloki eta Itxaro Zubizarreta (Etxe-Zuri). 30 euroko balea tiobiboetarako (Udalaren laguntzaz).

Pourra hasi zenean, sarituak sailkapen nagusiko lehen hirurak izango zirela esan zuen Uztarriak, aurreko urteetan bezala, baina gero, ikusita aurten Pourrean behin ere baino parte-hartzaile gehiago izan direla (179), lehiaketaren bukaera aldera erabaki zuen sari gehiago jartzea: 6.a, 69.a, 100.a eta 179.arentzat.

Sailkapen nagusiak erabaki

Ia-ia Tour osoan aurrena joan arren, Zimmerman taldea 8. posturaino jaitsi da sailkapen nagusiko puntuak banatu direnean. Hor asmatu du, hain zuzen ere, talde irabazleak: sailkapen nagusiko hamar aurrentan sei txirrindulari sartu ditu. Eta beste hiru esprinterrekin ere asmatu egin du. Alde handiarekin nagusitu da azkenean.

Bigarren postuko Ziripolen bat taldeak ere sei lagun sartu ditu lehen hamarretan, eta hoietako bat Rasmussen, puntu asko eman dituen txirrindularia. Bi esprinterrekin ere asmatu du, baina ez Mayo aukeratzean. Hirugarren sailkatuak ere sei txirrindulari sartu ditu lehen hamar postuetan, eta zazpigarrena Valverde, puntu batzuk eman dituen txirrindularia. Bere taldeko txirrindulari guztiek lortu dituzte 50 puntu baino gehiago.

Talde ideala eta txirrindularien puntuak

Aurtengo talde idealak 2.165 puntu lortuko zituzkeen. Iazkoak, aldiz, 2.566 puntu. Dezentez gutxiago aurten, beraz. Aldiz, talde irabazleak iazkoaren aldean puntu asko lortu ditu: 1.985 aurten eta 1.582 iaz.

Txirrindulari bakoitzak lortu duen puntu kopurua ikus dezakezue hementxe bertan.

Sari banaketa San Inazio bezperan

Ohitura den bezala, sari banaketa San Inazio bezperan izango da, uztailaren 30ean, 20:00etan, Uztarriaren txosnan. Saritu guztiek bertara azaldu beharko dute saria jasotzera.

Zorionak irabazle guztiei eta eskerrik asko parte-hartzaile denei.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide