Uztarriak oporrak iraila arte

Uztarria 2005ko uzt. 30a, 15:07

uztarria.com irailaren 1ean hasiko da eta aldizkariaren hurrengo zenbakia urrian aterako da

Urola Kostako Hitza abuztuan argitaratu egingo da

Ohi bezala, Uztarriak ere oporrak hartuko ditu abuztuan. Hala, uztarria.com webgunea ez da martxan egongo abuztuan, eta Uztarria aldizkaria, berriz, urrian aterako da hurrena (azkeneko zenbakia, orain atera dugu, festetarako, abuztukoa).

Ikasturte ona izan da Uztarriako komunikabideentzat. Esate baterako, uztarria.com-ek Argia Saria jaso zuen urte hasieran, "herri mailako webgune dinamikoa" izateagatik: "Herriko informazio eskaintza ugari eta erabilgarria eskaintzen du", "herriko bizitza sozialaren kezkak eta eztabaidak jasotzen eta eragiten asmatu du", "foroan gutxitan bezalako eztabaidak, aniztasuna eta ekarpenak aurki daitezke" eta "herriko informazioa sareko mentalitatez, begiz eta antolamenduz islatzen asmatu du". Garrantzitsua izan zen sari hura.

Aldizkaria, berriz, iazko apirilean eraberritu egin genuen, edukiz, sailez eta itxuraz, eta ikasturte honetan bide berean segitu du, sendotuz.

Nahiz eta Uztarriak abuztuan jai izan, Azpeitian euskaraz soilik ematen den informazioak ez du etenik izango, abuztuan hor izango baita asteartetik igandea bitartean Urola Kostako Hitza egunkaria (Uztarria Kultur Koordinadora da sortzaileetakoa eta bazkideetakoa). Saninazioen berri, adibidez, zabal emango du Hitza-k. Interneten ere egunero izango da, edizio jarraitu eta guzti: www.urola-kostakohitza.info

Eta lehen esan badugu ikasturte ona izan dela Uztarriako hedabideentzat, Urola Kostako Hitza-rentzat ere hala izan da Azpeitian (ere). 2004ko otsailean sortu genuen, eta ikasturte honetan Azpeitian 1.007 harpidedun ordaintzaile lortu ditu (euren borondatez urtean 50 euro eman dituztenak) eta Azpeitiko Udalak azkenean 25.000 euroko laguntza eman du 2005erako, urrian herriaren gehiengo sozialak eskatuta (Udalak 2004 bukaeran 6.000 euro eman zizkion iazko). Azpeitian Hitza-ren 2.200 ale banatzen dira egunero, eta alde handiz bera da herrian egunkaririk zabalduena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide