Joxin Arruti presoa, libre

Urola Kostako Hitza 2005ko ira. 1a, 13:09

Joxin Arruti (argazkian ezkerrekoa), kartzelatik irten berritan, abuztuaren 23an.

Duesoko kartzelan egon da, eta abuztuaren 23an aske utzi zuten

(Urola Kostako Hitza egunkariak atera zituen albisteak dira ondorengoak, eta interesagatik jarri ditugu osorik)

(Abuztuak 23)

Joxin Arruti orain dela bost urte eta erdi, 2000ko martxoaren 28an, espetxeratu zuten Martutenen, 1983ko kontu bategatik. Hamar urteko kartzela zigorra jarri zion Espainiako epaile batek. Ordudanik Martutene eta Duesoko kartzeletan (Kantabria, Espainia) egon da. Gaur libre utziko dute eta 20:00etan herritarrek ongietorria egingo diote Orkatz Kultur Elkartean.

Joxin Arrutik 1981ean Iparraldera alde egin zuen eta 1985ean Venezuelara joatea erabaki zuen. 1996an Baionara itzuli zen, ekainaren 7an atxilotu egin zuten eta 8an Espainiara kanporatu; 11n espetxeratu egin zuten Carabanchelen. Urte berean kalera irten zen (urriaren 15ean). Baina 2000ko martxoaren 28an Martutenen kartzeleratu zuten. 2000ko irailaren erdi aldera Duesoko (Kantabria, Espainia) kartzelera eraman zuten. Ordudanik gaur egun arte han egon da espetxeratuta.

Orain dela bost urte, 1983ko kasu bategatik sartu zuten preso Arruti. Espainiako epaile baten ustez Jesus Gibert enpresari azpeitiarraren bahiketan parte hartu zuen eta 10 urteko kartzela zigorra jarri zion. 1999an Espainiako Auzitegiak epai bera eman zuen, baina Arrutiren abokatu IƱigo Iruinek errekurritu egin zuen. baina 2000ko martxoaren 16an epai hura baieztatu egin zuen Espainiako Auzitegi Gorenak.

2000ko martxoaren 27an Ertzantza Arrutiren bila joan zen haren etxera, baina ez zuen aurkitu. Hurrengo egunean Arruti bera Donostiako Auzitegian aurkeztu zenn eta handik Martuteneko espetxera eraman zuten.

Bost urte eta erdi egin ditu Arrutik kartzelan. Denbora gehien Duesoko espetxean pasatu ditu, herritik 189 kilometrora. Gaur aske utziko dute eta herrira itzuliko da. 20:00etan, herritarrek ongietorria egiteko asmoa dute Orkatz Kultur Elkartean.

(Abuztuak 24)

Joxin Arruti Azpeitian da dagoeneko, etxean

Bost urte eta erdi preso egon ondoren, Joxin Arruti atzo goizeko 07:30ak inguruan atera zen Duesoko (Kantabria, Espainia) kartzelatik. Kanpoan senideak eta lagunak zain zituen Arrutik (goiko argazkian, kartzelako atetik irten eta koinatuarekin eta kartzelan berarekin egondako lagun batekin). Gero, Arrasatera eta Donostiara joan zen beste senide batzuk bisitatzera eta arratsaldean heldu zen Azpeitira. Orkatzen ongietorria egin zioten.

(Abuztuak 25)

Ongietorri jendetsua izan zuen Arrutik

Herenegun goizeko 07:00etan Duesoko kartzelatik irten eta arratsaldeko 20:00etara heldu zen Azpeitira Joxin Arruti. Bitartean Arrasaten eta Donostian ibili zen familiartekoak eta lagunak bisitatzen. Herrira heldu zenean Erdi kale barrenean ikurrinak eskutan agurtu zuten Arruti, hainbat lagunek. Ordurako Orkatz barru eta kanpo jendez beteta zegoen. Jokin Uranga bertsolariak pare bat bertso abestu zituen eta Arrutik presoen argazkien artetik bere argazkia kendu zuen. Arrutik, ongietorrian, kartzelan dauden herritarrak gogoan, "haien alde lanean jarraitu behar" dela nabarmendu zuen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide