Errukietxe izatetik egoitzara

Urola Kostako Hitza 2005ko ira. 1a, 12:09

San Martin egoitzako botatze lanak, abuztuaren 31n.

San Martin egoitza da gaur egun, baina sorreran herriko txiroei babesa ematen zien errukietxea zen

Eraikinak hainbat berrikuntza izan du, eta azken berritze lanak bihar (abuztuak 22) bertan hasiko dituzte

(Urola Kostako Hitza egunkarian irtendako albistea da, eta interesagatik jarri dugu osorik)

Aurrena errukietxea, gero ikastetxea eta gaur egun adinekoen egoitza da azpeitiarren artean mixerikordia bezala ezagutzen dena.

Lekuz aldatu, eraikin berria egin, hura zahartutakoan handitu eta berritu... Hainbat aldaketa eta birmoldaketa izan du San Martin egoitzaren gaur egungo eraikinak. Bihar, fase berri bati ekingo diote, eraikin zaharra bota eta egoitza handitzeko beste berri bat egiten hasiko baitira.

San Martin egoitzaren Harzubia hiribide aldeko eraikin zaharrena (ezkerraldekoa) eta San Martin estratako aldea botatzeko lanak hasiko dira bihar.

Egoitza beraren jatorria jakiteko mendeetan atzera egin behar da: 1754. urtera. Imanol Elias historialari eta idazle azpeitiarrak halaxe dio Azpeitia historian zehar liburuan: "Azken urteetan Gipuzkoan errukietxeak sortu ziren, eta gai hori Azpeitiko Udalak 1754ko ekainaren 21ean aztertu zuen. Udalean San Martingo ospitalea errukietxe bezala erabiltzea onartu zuten". Herriko parrokiaren atzean zegoen San Martingo ospitalea, eta 1778ko apirilaren 25ean hango estatutu eta araudiak onartu ziren, liburuan esaten denez "formalidade gehiago" emateko.

Lehen eraikin berria

1830eko abuztuan, San Martingo errukietxeak konponketa lan handiak behar zituela-eta, hura gobernatzen zuen batzordeak obrak egiteko eskaera egin zuen udaletxean. Batzordeak etxe berria egin behar zela zioen. Mariano Jose Laskurain arkitektoak egin zituen etxe berriaren planoak; lanen aurrekontua 28.000 errealekoa zen.

Udalak onartu egin zuen errukietxeko batzordeak eskatutakoa. Etxe berria egiteko, Loiolako Ikastetxe Errealak zuen lur zati bat aukeratu zuten, gaur egun egoitzaren eraikina dagoen tokian Harzubia hiribidean. 1858ko abenduaren 27an, errukietxearen eraikin berria bukatuta zegoen. Urte hartan, azaroaren 11n bedeinkatu zuten hango kapera Toursko Gotzain San Martin-en izenean. Orduan, kaperauaren etxea izango zena ere egin zuten. Benantxio Azpiazu izendatu zuten kaperau.

1869ko irailaren 13an etorri ziren errukietxera lekaimeak; Madrildik Karidadeko bost lekaime etorri ziren Azpeitira. Gaur egun 11 daude San Martin egoitzan bizitzen eta lanean. Milagrosako ikastetxea, berriz, 1898ko urrian ireki zen. Gaur egun Iraurgi ikastetxea da, eta haur txikienak ikasgelak dituzte bertan. Iraurgiren haurtzaindegia ere hantxe dago. 1979an errukietxeko zati handi bat bota egin zuten, gaur egun egoitzako eraikin berriena dagoen aldea, hain zuzen. Han, kapera eta kaperauaren etxea zeuden. Gaur egungo eraikin berriena 1978an egiten hasi ziren. Bixente Gibert arkitektoa arduratu zen obraz. Orduan, San Martin Egoitza bezala izendatu zuten.

Pobrezia handia

Maria Pilar lekaimeak urteak daramazki San Martin egoitzan bizitzen. Aurrena Milagrosa ikastetxean jardun zuen irakasle lanetan, "lau urteko haurrekin egiten nuen lana". Baina ikastetxean erretiroa hartu eta gaur egun egoitzako lanetan laguntzen du. "Gaur egun ondo bizi gara, baina garai batean pobrezia handia zegoen egoitzan", dio.

Errukietxea eta egoitzaren historiako datuetan arakatuz gero, pobreziaren aztarnak antzematen dira. San Martingo ospitalea Maria Miguelez eta Maria Lasaok sortu zuten, herriko txiroak hartzeko. Beraz, txiroei babesa emateko sortu zen, baina etxean bertan ere diru gabeziak eduki zituzten.

1795ean errukietxea larri zegoen, bere diru iturri nagusia zalantzan zegoelako. Edariei ezarritako zergaren bidez jasotzen zuen dirua errukietxeak. Baina edarien salmentako kontrola ezin zuen eraman Udalak, edozein tokitan saltzen zirelako. Beraz, diru iturria murriztuta zuen errukietxeak. Halaxe kontatzen du Eliasek Azpeitia historian zehar liburuan. Baina egoerak ez zuen hobera egin, eta errukietxea lagundu zezaketen herritarren zerrenda egin zuen Udalak. Harzubia hiribideko eraikina egiteko ere diru aldetik larri ibili zen errukietxeko batzordea, 1834an. Eliasen arabera, "aurreko etxea uste baino diru gutxiagoren trukean saldu zuten, eta errukietxearen ondasun batzuk saldu behar izan zituzten".

Baina gaur egun bestelakoa da San Martin egoitzaren egoera. Izan ere, bihar bertan hasiko diren handitzeko eta berritzeko lanen finantziazioan parte hartuko duelako egoitzak berak.

Fase berri bat egiteari ekingo diote, gaur egun erabiltzen ez den eraikina eta zeharo zaharkituta dagoena botatzen hasiko baitira. Adinekoen egoitza izaten jarraituko du, eta Iraurgi ikastetxeko txikienentzako ikasgelak ere izango ditu.

Beraz, azken urteetan bete eta eman duen zerbitzu bera emango du, baina adineko gehiago hartzeko tokia izango du.

Roxita Lasa (Mixerikordian bizi eta ikasi du)

Hiru urtetik hamazortzi urte bitartean mixikordian bizi izan zen Roxita Lasa eta hantxe ibili zen eskolan, "gustura" gainera, dio berak. "Oso ondo pasatzen genuen bertan", kontatzen du. Gaur egun ere ia egunero egiten du bisita San Martin egoitzara. "Eraikin osoa ezagutzen dut nik, hango txoko guztiak", kontatzen du.

Hamabost urtez bizi izan zinen mixerikordian.

Bai, hala da, hiru urtetik hamazortzi bete nituen arte. Aita gazte zela hil zitzaigun, eta ama bost seme-alabekin gelditu zen. Amak jaten eman behar baldin bazigun lan egin beharra zeukan, eta orduan bost anai-arrebok mixerikordira joan ginen bizitzera. Ama, astelehenero etortzen zen arropa garbitzera, eta asteburuetan ere askotan joaten ginen amaren etxera. Gustura bizi izan nintzen ni; beti esan dut hura nire bigarren etxea dela.

Orduan egoitza ederki ezagutuko duzu, ezta?

Txoko guztiak ezagutzen ditut nik. Garai hartan oso bestelakoa zen egoitza. Batetik, neska-mutilak bizi ginen, eta baita adinekoak ere. Ibaialdera ukuilua eta zerritegia zeuden. Baratza ere bageneukan, eta San Martin estrata alderako eraikinean ikasgelak zeuden, eta goiko solairuan gaubelak egiteko gela geneukan. Gela horretan antzerkia egiten genuen. Orduan zegoen elizarekin eta abadearen etxearekin ere ederki gogoratzen naiz. Kendu berri duten erlojuari ere behin baino gehiagotan eman diogu kordea. Orain botako duten eraikinaren zati bati el cuarto de las seƱoras deitzen genion. Hara gogo jardunak egitera kanpotik monjak-eta etortzen ziren. Guk trenaren geltokitik maletak eta ekartzen laguntzen genien karroarekin, eta beti ere txanpon batzuk jasotzen genituen trukean. Ederki etortzen ziren txanpon haiek saninazioetan tiobiboetan-eta ibiltzeko.

Orain eraikin zaharra botatzen dutenean orduko kontu askorekin gogoratuko zara...

Bai, hori egia da. Bata eta besteaz gogoratzen naiz, baina ni gustura nago San Martin egoitza handituko delako eta tokiz ez dutelako aldatuko. Ez nuen nahi egoitza lekuz aldatzerik, eta azken lau urteetan hori horrela izan dadin lanean jardun dugu. Hala ere, herriko jendeari dei bat egin nahiko niok: adineko jendearekin ez ahazteko esango nieke herritarrei. Adinekoak lagundu egin behar ditugu, eta tratu gehiago izan behar dugu haiekin.

Bihar hasiko dira lanak

Bihar (abuztuak 22) bertan hasiko dira San Martin egoitza handitzeko eta berritzeko lanak. Harzubia hiribidean dagoen eraikinaren zatirik zaharrena (ezkerraldekoa) eta San Martin estrata aldeko eraikina botatzeko obretako makinak lanean hasiko dira .

"Botako den eraikina oso zaharra dago, eta azken urteetan ez dugu erabiltzen. Okerrena San Martin estrata aldeko etxearen zatia dago, itukin asko dituelako", diote egoitzako lekaimeek. Azken asteetan lan piloa eduki dutela diote mojek. "Eraikin zaharreko traste guztiak jaso behar izan ditugu. Kapera edo elizako eserlekuak jaso, erlojua kendu eta gorde... Etxea botatzen hasi aurretik horrelako lanak egin behar".

Gaur hasiko dira botatzeko lanak, baina denak irailaren hasierarako garbi egon beharko duela diote egoitzakoek. "Irailerako bota beharrekoak botata eta jasota egon beharko du, orduan ikastetxeko haurrak klasera hasiko direlako", kontatu dute.

Eraikin zaharrena botako dute, bertan daude lehengo egoitzako logelak, eliza, San Martin estratatik Iraurgi ikastetxerako sarrera... "Gero eraikin berria altxatzen hasten direnean, egoitzako gaur egungo sarrera ere bota egingo dute, gaur egungo eraikinak eta berriak bat egiteko", diote.

Eraikin zaharra botatzeko arrazoiak egoitza handitzea eta eraberritzea dira. Gaur egun San Martin egoitzak 50 egoiliarrentzako tokia dauka, eta eraikin berria egiten denean 76 lagunentzako lekua edukiko du; 26 plaza gehiago. Egoitza berritu ondoren, egoiliarren %34 banakako gelatan biziko da.

San Martin egoitza berritu eta handitzeko lanak 2.066.185 euroko inbertsioa suposatzen du. Kostu horren %39 (798.461 euro) Gipuzkoako Foru Aldundiak beregain hartuko du, eta gainontzekoa %61, San Martin Egoitza Fundazioak ordainduko du.

Bihar bertan hasiko dira egoitzako eraikin zaharrena botatzen eta datorren hilean, irailean, berritzeko eta egokitzeko lanak hasiko dira. 2007ko lehen hiru hilabeteak baino lehen, lanak bukatuta egongo direla aurreikusi dute arduradunek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide