Abuztuak 1: Ibarretxe ez. Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakaria ez zen, ohi den bezala, Azpeitira etorri festetara, Ameriketako Estatu Batuetan zegoelako euskal jaietan. Idoia Zenarruzabeitia lehendakariordea etorri zen haren partez.
Abuztuak 1: Pereraren erakustaldia. Miguel Angel Perera toreatzaileak Azpeitiko azkenaldiko erakustaldirik bikainena egin zuen bere bigarren zezenean. Bi belarri moztu zituen. Zezena ere, oso ona.
Abuztuak 1: presoen alde. Euskal presoen alde kontzentrazioa egin zuten Loiolako basilikaren aurrean, ohi bezala, festetako prozesio garaian.
Abuztuak 2: adio saninazioei. Saninazioak bukatu ziren, goizeko zortzietan, zezenaren ondoren. Aurreko urteetan hilaren 2an gauez bukatu izan dira.
Abuztuak 2: belar artifizialekoan jokatzen. Garmendipen belar artifizialeko futbol zelaia oraindik inauguratu ez badute ere, Lagun Onak-eko taldeak entrenatzen hasi ziren.
Abuztuak 3: Miserikordiko erlojua kendu. Miserikordiko erloju historikoa kendu egin zuten, Harzubia kale aldera zegoena. Izan ere, hilaren 22an hasiko ziren San Martin egoitzaren Harzubia hiribide aldeko eraikin zaharrena (ezkerraldekoa) eta San Martin estratako aldea botatzeko lanak. Gasteizko aditu batzuk etorri ziren kentzera. Erlojua 1815ekoa da, eta gero han nonbait jarriko dute. Barruan zegoen erlojua ere kendu egin zuten.
Abuztuak 3: turismo gunea zabaldu. Azpeitiko Udalak turismo gunea ireki zuen Sindikatu Zaharrean, eta irailaren 4 arte egongo da zabalik.
Abuztuak 6: Lagun Onak-en lehen partida. Lagun Onak-eko Hirugarren Mailako futbol taldeak denboraldi-aurreko lehen partida jokatu zuen, Hernaniren kontra, han. 0-2 irabazi zuen. Josu Martinezek eta Jon Arruek sartu zituzten golak.
Abuztuak 6: gazte baten auto istripua. Iosu Oiarzabal Arregi azpeitiarrak (33 urte) auto istripua izan zuen Lasaoko taberna parean, eta larri egon zen egun batzuetan. Zuhaitz bat jo zuen eta bakarrik zegoen kotxean. Ospitalean segitzen du.
Abuztuak 7: Habearen oharra zinegotziez. Iñaki Larrañaga EAko kideak uztailaren bukaeran zinegotzi postutik dimisioa eman zuela eta, Habea udal plataformak Espainiako Justiziak legez kanpo joa du oharra atera zuen, eta bere ustez logikoa da hark kargua uztea. Habeak inoiz ez dio onartu Iñaki Larrañagari zinegotzi izaera. Udal hauteskundeetan (2003ko maiatzean) EAJ-EA koalizioak 13 zinegotzi lortu zituen eta Habeak lau. Beraz, Iñakik eta beste hiru pertsonek ez dagozkien postuak izan dituzte bi urtean.
Abuztuak 10: Iraurgi ere martxan. Lan Mobel Iraurgi Saskibaloi Taldeko lehen ekipoak denboraldi-aurreko aurreneko entrenamendua egin zuen. EBA Ligara igoera lortu berri du, eta irailaren 17an jokatuko du Ligako lehendabiziko partida, Galiciaren kontra, Azpeitian.
Abuztuak 11: AGZ?! Xoxotera. Azpeitian Gazteok Zer?! taldeak oporraldi alternatiboa antolatu zuen: Xoxotera irteera, bi egunerako. Hogei bat lagun ibili ziren.
Abuztuak 12: auzoetakoak kexu. Uztailean ireki zuten Urrestillan mediku zentroa, baina Nuarbe, Aratz Erreka eta Matxinbentako auzotar batzuek kexua agertu zuten Osakidetzan, horrek halabeharrez mediku aldaketa eragin dielako. 140 sinadura bildu zituzten.
Abuztuak 13: baserritarrak ur faltan. Udara lehorra egiten ari zuela eta, Urola Kostako Hitza-k baserritarren iritzia jaso zuen. Bixente Agirre Premietxeberri baserrikoak (ganadutegia du Etumetan) esan zuen, lehortearen ondorioz udara belarrez eskasa izaten ari zela, ganaduak kanpoan jateko gutxi du eta sufritzen ari da. Abuztuko azkeneko 11 egunetan euri dezente egin du.
**Abuztuak 14: Iñaki Galdos (EA), zinegotziez.** Iñaki Galdos Gipuzkoako EAko lehendakariari, egunkari bateko elkarrizketan Iñaki Larrañaga Azpeitiko EAko kideak zinegotzi kargua "erradikalen presioengatik" utzi duela esan ziotenean, hark erantzun zuen logikoa dela. Herritarren ongizatearen alde lan egin nahi duten zinegotziak eta alkateak dira, eta desatseginak diren egoeratan daude, eta batzuetan dramatikoetan. Ezker abertzaleak uste badu egoera horrek lagundu egiten duela, erabat oker dago.
Abuztuak 16: Aranaga, Euskaltelera? Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldeak esan zuen Andoni Aranaga urrestildarra fitxatzear dagoela, akordioa ia erabatekoa delako. Aranagak ez zuen nahi izan ezer esaterik. Denboraldi honetan bi garaipen daramatza.
Abuztuak 17: Literatuzta-ren 6. zenbakia. Literatuzta taldeak Literatuzta aldizkariaren 6. zenbakia banatu zuen (Uztarriako bazkideek jasotzen dute). Erostismoaz hainbat poema bildu zituzten. Eta aldizkariarekin batera, preserbatibo bat banatu zuten.
Abuztuak 19: Azkargorta, Mexikora orain. Xabier Azkargorta futbol entrenatzaileak Chivas Mexikoko taldea entrenatuko duela jakin zen. Azpeitiarra Real Madrileko nazioarteko eskolen arduraduna izan da azken bi urteetan. Chivas, Mexikoko Liga nagusiko taldea da. Hiru urterako fitxatu du, eta abuztuaren 24an joan zen hara.
Abuztuak 22: San Martingo lanak. San Martin egoitzaren Harzubia hiribide aldeko eraikin zaharrena (ezkerraldekoa) eta San Martin estratako aldea botatzeko lanak hasi ziren.
Abuztuak 23: Joxin Arruti, libre. Joxin Arruti azpeitiar presoa askatu egin zuten, zigor osoa betearazi ondoren. Duesoko kartzelan (Kantabria, Espainia) eduki dute Arruti. Iluntzean lehen ongietorria egin zioten Orkatz Kultur Elkartean ehunen bat lagunek. Une hauetan, Juan Karlos Arruti Paterra, Xabier Etxeberria Txapi, Jabi Agirre, Gotzon Aranburu, Maider Egiguren eta Joseba Segurola dira azpeitiar presoak, Maria Angeles Artola eta Iñaki Etxarte deportatuak, eta Juan Manuel Bereziartua Pakea eta Iker Iparragirre iheslariak.
Abuztuak 24: Realean, bozeramaile azpeitiarra. Luis Ansoalde izendatu zuten Realeko Administrazio Kontseiluko bozeramailea. Azpeitiarra da Ansoalde, kontseilukidea joan den ekainaren 30eko hauteskundeetatik (hamargarren bozkatuena izan zen, 30.995 botorekin), 59 urte ditu eta enpresaria da.
Abuztuak 27: Albizu eta Aranaga, Vueltan ez. Abuztuaren 27an hasi zen Espainiako Vuelta, eta profesionaletako bi azpeitiar txirrindulariek ez dute parte hartu: Joseba Albizu Euskaltel-Euskadiko ziklista ez zuen taldean sartu Julian Gorospek, eta Vueltako zuzendaritzak azkenean ez zuen Kaiku taldea (bertakoa da Andoni Aranaga) ez zuen deitu parte hartzera.
Abuztuak 27: Lagun Onak-ek 1-2 galdu estreinakoan. Abuztuaren 27an hasi zuen Lagun Onak-eko Hirugarren Mailako futbol taldeak denboraldia, etxean Gernikaren kontra. 1-2 galdu zuen. Ibon Muñozek sartu zuen Lagun Onaken gola. Ondo aritu ziren, dena den, etxekoak.