Xabin Aranaga: "Ilusioa egiten dit mundu mailako maratoian parte hartzeak"

Urola Kostako Hitza 2005ko ira. 1a, 18:09

Xabin Aranaga

Azpeitiarra Beteranoen Munduko Atletismo Txapelketan izango da larunbatean maratoian (www.urola-kostakohitza.info)

Xabin Aranaga lasterkari azpeitiarra (38 urte) eta Azkoitia-Azpeitia Xeye Atletismo Taldeko kidea, Donostian Beteranoen Munduko Atletismo Txapelketako maratoian irtengo da. Larunbatean da 42 kilometroko lasterketa, 08:30ean, Anoetako estadio handiaren ondotik irtenda. Ez da maratoian aterako den azpeitiar bakarra izango. "Badakit beste azpeitiar batzuk ere parte hartzekotan direla", dio.

Nolatan animatu zinen Beteranoen Munduko Txapelketako maratoian parte hartzera?

Ilusioa egiten didalako animatu naiz. Gainera Munduko Atletismo Txapelketa da, eta gertu da, Donostian. Uste dut, giro eta antolakuntza ona egongo dela.

38 urterekin beteranoen mailako txapelketan, nolatan?

Aurten jarri dute 35 urtetik gorakoek beteranoen mailan parte hartzeko aukera. Gero, azpi mailak daude hor, 35 urtetik 40 urte artekoena da bat eta bost urteka maila guztiak osatzen dira. Zenbait proba mailaka egin dituzte, baina maratoian maila denak batera irtengo dugula uste dut.

Entrenamendu berezirik egin al duzu larunbaterako?

Bai, azken hiru hilabetetan maratoirako prestatzen jardun dut, nire kabuz.

Nolako maila egongo dela uste duzu Munduko Txapelketan?

Maratoian parte hartzen dutenek ez dakit zein denbora dauzkaten, baina seguru maila oneko jendea etorriko dela korritzera, Munduko Txapelketa delako.

Aurreneko postuetan aritzeko aukerarik ikusten al duzu?

Aukerarik ez dut ikusten, nire aldean onak diren lasterkariak etorriko direlako. Nire asmoa 02:30:00 azpitik egitea da. Maratoian eginda dudan denbora onena 02:26:01 da, Amsterdamgo (Holanda) maratoian egin nuen, 1999an.

Larunbateko maratoiaren zirkuitua ezagutzen al duzu?

Ez da Donostiako maratoiaren ibilbide bera izango, antolatzaileek aldatu egin dute. Anoetako estadio handiaren ondoan da irteera, lau kilometroko ibilibide bati buelta bat emango diogu eta gero, hamabi kilometroko ibilbide bati hiru buelta eman behar dizkiogu, 42 kilometro osatu arte. Maratoiaren zirkuitu osoa hiri barruan da.

Bestela atletismoko zein beste probatan parte hartzen duzu?

Batik bat maratoi erdiak eta maratoiak korritzen ditut. Gero proba herrikoietan-eta parte hartzen dut.

Aurten beste maratoirik korritu al duzu?

Maratoirik ez. Aurten Aizkorriko mendi maratoia egin nuen.

Aurtengorako beste asmorik ba al duzu?

Munduko Txapelketako maratoia egin ondoren, Behobia-Donostia lasai antzean egiteko asmoa daukat. Bestela aurtengorako ez daukat asmo berezik. Hala ere, datorren urterako asmo batzuk badabilzkit buruan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide