Angel Ainziburu: "Teniserako afizioa zabaldu egingo da"

Urola kostako Hitza 2005ko ira. 6a, 17:09

Ainziburu, sortu berri den Azpeitiko Tenis Elkarteako kidea da (www.urola-kostakohitza.info)

Hamazazpi urte daramazki tenisean jokatzen Angel Ainziburuk; "afizioa horixe dut", dio. Azpeitiko Tenis Elkarteko kidea da, baina herrian pistarik ez eta Azkoitira joaten dira tenisean jokatzera. Orain Azpeitian egiten ari dira, eta horretaz aritu da Hitza Ainzibururekin.

Azpeitian teniseko pistak egin behar zituztela-eta elkartea sortu zenuten. Ze asmorekin?

Tenisean azpeitiar asko ibiltzen ginen Azkoitian, eta hemen ere egin behar zituztela jakin genuenean, elkarte bezala indar gehiago izango genuelakoan Azpeitiko Tenis Elkartea sortu genuen. Horrela Gipuzkoako beste tenis elkarteekin harreman handiagoa izateko aukera daukagu. 40 bat lagunek osatzen dugu, baina denak ez gara azpeitiarrak.

Pistak egiten ari direla-eta Udalarekin harremanik ba al daukazue elkartekook?

Orain ari gara hizketan Udal Kirol Patronatokoekin: gero nola funtzionatu eta horrelako kontuez ari gara solasean, teniseko pistei ahalik eta probetxu handiena ateratzeko asmoarekin. Aurrera begira ikastaroak eman eta txapelketak antolatzeko asmoa baitaukagu.

Pistak urrirako bukatuta egongo omen dira. Gero zer?

Espero dugu tenisean jokatzeko afizioa jendearen artean zabaldu egingo dela, gazteak-eta animatuko direla. Orain tenisean jokatzeko Azkoitira joan beharra dago, baina gero, herrian ere aukera egongo da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide