Hilerrikoak

Amagoia Iban ('Berria', 2005-09-27) 2005ko ira. 27a, 17:09

Anjel Otaegiren hilketaren 30. urteurrenean, gaiaz idatzi du kazetari azpeitiarrak Berria egunkariko eguneroko zutabean

Uztarriak Otaegiri buruzko biografia atera zuen 2001ean

-1975. Terrorismoagatik kondenaturiko ETAko bi kideren eta FRAPeko (Fronte Iraultzaile Antifaxista eta Patriotikoa) hiruren fusilatzea. Hala idatzi dik Efe agentziak gaurko efemerideen orrialdean. Sinetsidak, izenik eta abizenik gabe. Eta hiri entzuna diat, 30 urte joan direla estatu hilketa hartatik baina atzo bertako gertakaria izan zitekeela, zoritxarrez. Ez hago oker. Heriotza batzuk baietz, baina besteak ez gogoratzea erabaki dutela gure partez. Ala ez? Esaidak, hiri zer iruditzen zaian. Esaidak lurralde honetako heroiak oro non diren. "Hilerrian", erantzungo didak. Eta amnesiari ez uzteko gure oroimenaren ateak ixten, hasia naizelako izenak, aurpegiak, datak nahasten. Eta bazekiat, bai, ez duzuela ez pentsiorik, ez omenaldi ofizialik, ez eragile politiko berezi titulurik eskatzen. "Onartzea zergatik hil zituzten", hori besterik ez. Besterik ez horretan, baina, estatu auzi oso bat kabitzen! Hik ere badakik, nola ez, hori zer den. Eta Che Guevararen bertsoak beste behin errezitatzen. Ni hiltzen naizenean ez etorri negar egitera... 30 urtez. Eta hark hala eskatu zidaanez, negarrari eutsiko diok gaur ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide