Ura, zaborra eta kirol tasak igoko dira gehien 2006an

Urola Kostako Hitza 2005ko urr. 8a, 13:10

Udal zergen eta tasen udal proposamena onartu zuten herenegun (urriak 6) egin zen hileroko ohiko udalbatzarrean (Urola Kostako Hitza)

Udal zergen eta tasen 2006ko agintarauaren hasierako onarpenak eragin zuen eztabaida gehien herenegun (urriak 6) udaletxean egin zen hileroko udalbatzarrean.

Zergak 3,3 (KPIa), igoko dira datorren urtean. Baina badira salbuespenak: ura, estolderia eta zaborraren tasei bestelako igoera bat gehituko zaie. 30 metro kubiko arteko uraren kontsumoak %3,3ko igoera izango du, eta hortik gora kontsumitzen dutenek %6,6 artekoa. Zaborraren tasan, aldiz, igoera handiagoa da: %10. Kiroldegiko zerbitzuen kuotak ere gora egingo du: horrek ere %10; kirol ikastaroetako kuotak, ordea, %3,3 igoko dira.

Manuel Unanue EAko zinegotziak eta Udaleko Ogasun sailburuak azaldu zituen Udal zergen eta tasen 2006ko agintarauaren nondik norakoak: "Orokorrean, datorren urteko zergen eta tasen agintaraua proposatzeko erabili dugun filosofia KPIa gehitzea izan da. Ura, estolderia eta zaborraren kasuan, defizitak %24an egon beharko lukeela uste dugu, eta horren baitan proposatu ditugu igoerak. Hau da, uraren kasuan, Ur Kontsortzioak uraren prezioa metro kubikoko %8,33 igo dio Udalari, eta azpiegituren kostua, berriz, %8,48. Zaborraren kasuan ere kostuak %8,5 egin du gora. Proposatu ditugun igoerak ezarriz gero, %24,17ko defizita izango luke Udalak. Horrek, Udalak 930.000 euro ez dituela jasoko suposatzen du".

Ogasun batzordean aurrera begira aztertzeko proposamen bat ere egin dela azaldu zuen Unanuek: ura eta zaborra bi ordainagiritan kobratzeko aukera aztertzen hastea, alegia. Estolderia urarekin batera kobratuko litzateke, baina horretarako zein metodologia erabili aztertzekotan gelditu dira batzordekideak.

Udal Kirol Patronatoak ematen dituen zerbitzuen kuotak datorren urtean %10 igotzea proposatu zuten Udal Gobernua osatzen duten EAJ eta EA alderdiek. Unanuek proposamenaren horren zergatien arrazoiak ere azaldu zituen udalbatzarrean: "Gure ustez Udal Kirol Patronatoak %68ko autofinantziazioa eduki behar du. Ogasuneko batzordean hiru igoera proposamen aztertu dira: %6a, %10a eta %13a. Azkenean, datorren urtean kirol zerbitzuen kuotak %10 igotzea proposatzeko erabakia hartu dugu".

Tasen igoeren proposamena egiteko arrazoi garrantzitsuenaz ere jardun zuen Unanuek: "Azken batean udaletxera azpiegituren mantenurako eta zerbitzu hobe bat eskaintzeko diru kopuru batek sartu beharra dauka". Gaur egun Azpeitiko Udalaren zergak eta tasak 10.000-20.000 biztanle artean dituzten herriekin alderatuta, batez bestekoen artean dago.

Habea ez dago ados

Habeakoak ez ziren ados azaldu proposamenarekin. "Gure ustez, Azpeitiaren antzeko biztanle kopurua duten herrietako zergekin eta tasekin konparaketa egin behar da. Eta behetik gaudenetan KPIa igotzea proposatzen dugu, eta goitik gaudenetan bere horretan uztea. Pobrezian dauden herritarrei zerga salbuespenak egitea ere aztertu beharko litzateke. Bestetik, uraren tasan gutxienekoa 30 metro kubiko ordaintzea ez zaigu ondo iruditzen; kontsumitzen den kopurua ordaindu beharko litzateke, beraz gutxieneko kontsumo neurria kendu egin beharko litzateke. Hala ere, oraingoan uraren tasa arautzeko erabili den formularekin ados gaude", azaldu zuen Miren Odriozolak.

Tasen inguruko eztabaidan Julian Eizmendi alkateak bi kontu azpimarratu zituen: "Gure ardura, gero eta zerbitzu publiko hobeak eta kalitate hobeagokoak ematea da. Eta bestetik, zerbitzu horiek eta azpiegiturak era progresibo batean sustatu eta finantziatu behar dira".

Kiroldegia goizez irekita

Udal Kirol Patronatoak hemendik aurrera "zerbitzu gehiago eta hobeak" emango dituela azaldu zuten udal agintariek herenegun egin zen udalbatzarrean: "Kiroldegia goizetan ere irekita egongo da, eta igandetan ere, printzipioz, egun osoan irekita edukitzea erabaki da. Gainera kirol zerbitzuen kuota ordaintzen dutenek, bazkide txartelarekin, teniseko eta paddleko pistak erabiltzeko aukera edukiko dute".

Datorren urterako Udaleko zergen eta tasen agintarauan kirol zerbitzuen tasa %10 igotzea proposatu zuten EAJ eta EAk, baina kirol ikastaroak %3,3 (KPI) igoko ditu Udalak. "Uste dugu Udal Kirol Patronatoak aurreko urteetan izan duen eta aurten duen autofinantziazioa eduki behar duela datorren urtean ere. Igoera hauekin %68ko autofinantziazioa edukiko duela aurreikusten dugu", azaldu zuen Manuel Unanue Udaleko Ogasun batzordeburuak.

Asteazkenean (urriak 12) inauguratuko du Udalak Garmendipen egin den kirol gune berria. Herenegun, urriak 6, kirol gune berriari eta kiroldegiari zein izen eman erabaki zuten udalbatzarrean. Aho batez Garmendipe Kirol Gunea izena ematea erabaki zuten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide