Ikasberri Azpeitiko Ikastolako arduradunek aurreko ikasturtea amaitzear zirela, opor bezperetan, jaso zuten albistea, baina 2005-2006 ikasturtearen hasieran jakinarazi dute horren berri: Ikasberri Azpeitiko Ikastola Herri Onurako Kooperatiba izendatu du Eusko Jaurlaritzak. "Berri ona" dela diote ikastolako arduradunek.
"Gustura" azaldu dira Ikasberrikoak Herri onura
izendapena jaso dutelako: "Izendapen honekin, gure hezkuntza jarduera, Euskadiren interes orokorrekoa eta irabazi asmorik gabekoa dela aitortzen du Eusko Jaurlaritzak. Ikasberri Azpeitiko Ikastola herriaren eta herritarren zerbitzura dagoela eta zerbitzu publiko bat eskaintzen duela, alegia. Ikastola osatzen dugunontzat jakinekoa den arren, kanpora begira horrela aurkezten jarraitzeko lagungarria izango dugu".
Ikasberri Azpeitiko Ikastolak jaso duen aitorpen honen beste ondorio bat, etorkizunean zenbait onura ekonomiko izateko aukera da: "Zerga edo diru laguntza batzuen kasuan 'Herri onura'-ko izendatutako elkarteek trataera berezia dutelako".
Baina konpromisoak hartzea ere eskatzen du izendapenak. Halaxe adierazi dute behintzat Ikastolakoek: "Konpromisoak ere baditu bai. 2004ko ekainaren 3ko Ohiko Batzar Nagusian, ikastolako kooperatibako estatutuen zenbait artikulu aldatzea onartu zen, helburu hori lortzeko".
Ikastolako kooperatibako estatutuetan zenbait aldaketa egin ondoren, herri onura izendapena lortzeko bidean, tramite eta dokumentazio lan handia egin behar izan dute. Izendapenaren ebazpenaren berri ekainaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eman zen.