Foru Aldundiak abian jarri duen Bizitza osoan zeharreko ikaskuntza kanpainaren bigarren fasea aurkeztu dute gaur Enparan Dorretxean, Azkoitiko eta Azpeitiko udaletako arduradunek eta Aldundiko Berrikuntza departamendukoek.
Bizitza Osoan Zeharreko Ikaskuntzaren helburua, pertsonek beren bizi kalitatea hobetzeko ikastea da. Julian Eizmendi Azpeitiko alkatearen hitzetan, "Jakinduria, jakinmina, bizitzea tokatzen zaigun bizitza hau bere osotasunean hobeto ulertzeko tresna bat da. Zirkulu hori handitzea, bizitza honetatik ezagupenarekin pasatzea da". Horrez gainera, "horrek gizarteratzeko eta aukera berdintasuna edukitzeko" balioko duela diote ekimena bultzatu dutenek. Lehen fasean 47 emakumek parte hartu zuten eta bigarren faserako, Azkoitia eta Azpeitiko emakumeentzat beste sei ikastaro antolatu dituzte.
Bizitza osoan zeharreko ikaskuntzaren bigarren fase honetan gai berezituen gaineko ikastaroak emango dituzte. Ikastaroak honakoak izango dira: Ordainduriko lana izatea: guztion eskubidea, Elkar ulertze aldera: komunikazio gaitasunak hobetuz eta Partaidetza-asoziazismoa landuz. Ikastaroak 30 ordukoak dira eta hirurogehi lagun baino gehiagok parte hartu dezakete. Astelehenean, urriak 17an, hasiko dira ikastaroak eta bi herrietan (Azkoitian eta Azpeitian) emango dituzte klaseak. Ikastaroen inguruko informazio gehiago jasotzeko edota izena emateko Iraurgi Lantzenera jo edota 943 851100 telefono zenbakira deitu behar da.