Note Book

Uztarria 2005ko urr. 17a, 12:10

Pako Aristik ipuin eta apunte laburrez osatutako liburua plazaratuko du laster, Erein-en eskutik: Note Book.

Hona hemen liburuko testu bat (atzo Berria egunkarian beste bi ere bai)

Bus-txoferra

Bus-txoferra

Parrandan nenbilen eta aspaldi ikusi gabeko lagun bat aurkitu nuen; harekin batera beste sei edo zazpi gizonezko zeuden, niretzat ezezagunak zirenak. Ni ez, ordea, beraientzat.

Nire laguna autobuseko txoferra da, eta halatsu beste guztiak ere, bakoitzak du bere ibilbidea gure mapa bihurrian. Enpresako afaria zuten. Haietako bat niregana hurbildu eta galderak egiten hasi zi-tzaidan. Aspaldi joan al haiz Tolosako korreoan?, entzun nuen musika zaratatsuaren erditik, eta bat-batean dena ulertu nion, eta ondoren gertatu zen elkarrizketa ere hitzak ahotik ateratzerako nire buruan idatzita agertu zitzaidan deblauki.

‘Tolosako korreoa’ Azkoititik Tolosara doan autobusari deitzen zaio. Goizean joaten da Tolosara eta arratsaldean Azkoitira itzuli. Udan geunden, eta nik, Tenerifetik bueltan, hango paisaia lehor eta horiskari begira bururatutako artikulu bat idatzi nuen, Euskal Herriaren berdetasuna esplikatu nahi zuena, baina era berean eta, horrekin lotuta, pauso bat urrunxeago emanez, bizitzaren edertasuna ere nola erdiesten dugun agertu nahi zuena.

Idatzi nuen: Euria da gure lurrak kolore berdeagatik ordaintzen duen prezioa. Eta aurrerago: Honek erakusten dit bizitzak ere bere prezioa kobratzen digula eskaintzen dizkigun gauza eder guztiengatik. Eta ordaina zein zen zehazten nuen ondoren: Malenkoniaz betetako egunekin ordaintzen da zoriona ezagu-tzera eman zitzaigun egun handi haien edertasuna.

Teoria hauek hobeto txirikordatzeko argumentu-hari soil bat sortu nuen, pentsatuz ideiek hobeto bidaiatzen dutela bidaia baten kronika osatuz eta apainduz. Idatzi nuen autoa utzi eta autobusean joan nintzela Tolosara, korreoak bakarrik egiten duen ibilbidean, eta horregatik jarri zuela arreta nire begiradak gure paisaiaren berdetasunean. Bidaia horren emaritzat agertzen nituen aurreko teoria guztiak.

Txoferrak hori guztia irakurri egin zuen, baina ez ninduen ni inoiz bere autobusean ikusi. Nire gezurraren jabe zen geroztik. Nik, aldiz, irakurleei sinesgarri izateko erabili nuen bidaia; bere autobusa egiazkoa zen. Eztabaida interesgarria izan zen: egia/gezurra, literatura/bizitza…

Idazten duguna kasik hitzez hitz baiezta litekeen leku batean idazten dugu. Txikiak gara, gure artifizio literarioak edonork kolokan jartzeko adina, baina bedeinkatua bedi txikitasun hau, idatzitakoaren eta bizitzaren arteko aldea ia ezerezera murriztera behartzen gaituelako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide