Iñaki Segurola filologo azpeitiarrak "euskararen munduko tipo bat" bezala azaltzen du bere burua, "euskalzulo" samarra gainera. Bere esanetan, euskarak etsai izan ditu -edo behintzat ez oso lagun- kultura, denbora, zenbakia, eraginkortasuna edo berdintasuna, errealitatea adina fantasia, eta seriotasuna bezainbat txoro-haizea. Halaber, etsai izan ei ditu -edo badaezpadako lagun- aurrerakoiak, atzerakoiak eta bertarakoiak; errealismo unibertsalista eta idealizazio nazionalista; falangismoa eta sozialismoa; tradizionalismoa eta liberalismoa; faxismoa eta... anarkismoa ere. Eta horiei guztiei eta gehiagori zuzentzen dizkie bere eztenkadak Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo izenburuko liburuan, euskara eder eta aberatsean. Gai horiek izan ditugu hizpide berarekin edukitako elkarrizketan.
Badira zenbait hilabete zure liburua kaleratu zenetik. Nolako harrera izan du?
Harrera salmentetan neurtzen bada, bada ez dakit. Bestela neurtuta, denetarik izan da. Nik irakurri ditudan kritikek ondo samar-edo agertu dute. Jendeak esan dizkidanen artean, berriz, maila denak daude: batzuek gauza onak esan dizkidate; beste batzuek erdipurdikoak; hurrengoek "ez dago gaizki idatzita, baina, beno...!". Gama guztia.
Jainkoagatik hasita, eskuin-ezker, ia mundu guztiarekin sartu zara. Lagun asko gelditu al zaizkizu liburuaren mamia ezagutu eta gero?
Ez dut uste lagunik galdu dudanik. Ez nago oso seguru, bakarren bat galdua liteke... Baina irabazi ere egiten dira, eh! Lehenago kasurik egiten ez zizun jendeak, orain: "Coño! Hola eta hola irakurri nian, ez dakit zer eta badakit zer...". Beraz, bataz beste, berdintsu gelditu naiz.
Izenburu oso polita aukeratu zenion: Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo. Joxe Landaren iragarkiak inspiratua da, ez da hala?
Liburuaren azkeneko esaldian dago hori. Eta tituluan jartzeko, bada, iruditzen zait indar pixka bat baduela. Ez dakit, ez dut gehiegi analizatua Joxe Landarena da bai, Joxe Landaren fana naiz ni; ia egunero irakurtzen ditut bere idatziak. Eguraldiagatik ere bai, eh! Baina baita hizkuntzagatik ere...
Itzul gaitezen eztenkaden kontura. On Joxe Miel Barandiarani ere ez diozu barkatu...
Ez! Izan ere, ez zaio inori barkatu behar. Nire ustez pentsatzeak ez dauka zerikusirik errespetuarekin. Nik uste dut ez dela errespetatu behar ez pertsonarik, ez erakunderik, ezta iritzi pertsonalik ere. Hau da, zuk esaten badidazu niri aldrebeskeri bat, zure iritzi pertsonala izango da, baina aldrebeskeri bat baldin bada, nik esango dut: honek ez dauka ez bururik eta ez hankarik. Zure iritzia delako ez dizut nik horregatik bakarrik amen, amen egingo. Errespetatu behar den gauza bakarra gauzen arrazoia da: arrazoiketa, pentsamendua, logika, sentimendua... Horiek errespetatu behar dira! Beraz, horren arabera, Barandiaran izan edo Espiritu Santua izan, berdin du. Ni akordatzen naiz Mitxelena Azkueren obrak kritikatzen hasi zenean. "Azkue! Mesedez...!" zioten. Ez, bada! Horrela behar du! Aurreratzeko, aberasteko edo gauzak behar bezala egiteko, kritika beharrezkoa da. Orduan, Barandiaran izan edo ez izan... Gainera, batek esan zidan Barandiarani egindako kritika gustatu zitzaiola gehiena!
Koldo Mitxelena aitatu duzunez... Filologoa ere bazara zu, eta zehazki haren eskolakoa. Hala ere, kontuak hartzen dizkiozu
Noski! Eta nik uste dut hor asmatu nuela esplikatzen isiltasuna, amen-amen esatea ez dela inondik ere egin daitekeen omenaldirik onena, baizik eta omenaldirik merkeena eta kaxkarrena: "Oso jakintsua zen, asko zekien, dena ondo egin zuen...". Ez! Hori ez da ezer. Gainera beragandik ikasi nuen nik hori klaseetan. Klasea zen beretzat elkarrizketa, elkarri kontra egitea nolabait; edo elkarren osatzea, zuzentzea... Eta zuk isil-isilik jarraitzen bazenuen... bada horrek ez zuen ezertarako balio.
Baina hark jada ezin dio zureari erantzun...
Ezin dit erantzun, ez. Eta Barandiaranek ere ez. Baina horrek ez dauka erremediorik... Hori da pena!
Zein da zure liburuaren helburu nagusia?
Zaila da esplikatzen. Zerbaitek bultzatu nauen? Hasi gauzak idazten, segi eta segi, eta momentu batean hasi eta segitako hori gizentzen joaten da, eta orduan atera egin behar da... Arrazoi bat? Ez diot ikusten arrazoi bat horrela esateko moduan.
Ondoriorik izan dezakeela ez al duzu aurreikusi?
Ez. Izan ere, nik ez dut ikusten. Ez daukat ahalmenik kulturaren munduan gauzak nondik nora doazen, eraginak eta abar ikusteko. Hor galdu egiten naiz. Alde horretatik, oso filologoa naiz. Esaldiak ikusten ditut nik, pasarteak ere; baina liburu bat bere osotasunean, eta liburu horri buruz esandakoak, eta horrek egiten dituen bideak, eta hori kulturan zer den... ni hor... ez dakit.
Beno, dirudienez, jakintsuak ere ez dituzu batere gogoko. Nortzuk zenituen buruan idatzi zenuena idazten ari zinenean?
Dena dakitenak. Jakintsu ofizialak. Zera esan nahi dut: zenbat eta gutxiago aztertu, orduan eta gehiago dakizu. Zein da atomoaren egitura? Edozein eskuliburutan jartzen du: hau, hau eta hau. Eta, noski, nik hori bakarrik irakurri badut, badakit. Orain, benetan ikertzen ari denak ez daki, ez dauzka gauzak hain erraz; ez horretaz eta ez ezertaz. Eskuliburuetan eta CD-ROMetan dagoen jakintza usteko horren eskema eta bulgarizazio horren kontra ari naiz hor. Nik uste, eh! Jakina, hori toki askotatik sartzen da orain, zeren edozer gauza sinesteko kapazidadea asko gehitu da. Gure aiton-amonek sinesten zituzten gauzak dozena erdi bat ziren; gaur egunean edozein momentutan edonori esaten diote orain dela mila milioi urte unibertsoan ez dakit zer gertatu zela, eta "ah, bai!" diote. Jakite eta sineste merke horren kontra ari naiz, nolabait esateko. Oso zaila da bi hitzetan azaltzea.
Beste hamaika gogoeta gai badaude liburuan: Jon Juaristiren "bucle"a, presoak, Espainiari diozun gorrotoa... Arlo guztiak ukitu nahi izan al dituzu?
Ez da aldez aurretik pentsatutako zerbait izan -halako arlo eta halako ukitu behar ditut-, baizik eta sortu ahala idatziak izan dira... Hombre! Gauza batzuetarako aspalditik daukazu gogoa... Adibidez, "Don Bucle"ri eskaini nion, irakasle izan nuen Jon Juaristiri -nahiz eta urte guztian ordubete baino ez joan bere klasera-, hori ez zegoelako horrela uzterik! Beste gai batzuetan, berriz, igual momentu horretan bururatu zaizu zerbait esateko modu bat egokia iruditzen zaizuna; eta erabakitzen duzu: hau ere bota egingo diat bada!
Zenbat denboran jasotako gogoetak dira hauek?
Bota ezazu dozena erdi bat urte. Bilatu, ez ditut bilatzen. Etorri egiten dira. Entzuten dituzun gauzak, bizitzen dituzunak, irakurtzen dituzunak...
Horietan agertzen duzunagatik ematen du hiriak ez dituzula asko maite... Ezta hiritarrak ere!
Nik hiriak asko maite ditut, baina... hiritarrak! Kapitaleko jendea!
Minen bat baduzu hor.
Esan egingo dut: Horren sorburuan eta jatorrian antidonostiarrismoa dago, eta kitto! Dena hortik dator. Nik bertan egiten dut lan, baina anti-donostiarra eta antigipuzkoarra naizela esango nuke. Kutxa, Diario "V", Reala eta Gipuzkoaren zera ofizial hori bereziki nazkagarria egiten zait niri. Eta nola Donostiatik kudeatzen den...
Euskal Hiriaren kontra ere egiten duzu.
Izan ere, Euskal Hiria zertarako erabiltzen ari den gaur egunean kontuan hartu beharra dago! Euskal Hiria, Euro Hiria... Garapen edo desarrollismo itsu, orojale eta oro harrapatzaile horren oinarri bezala hartu izan dute Euskal Hiria.
Askori aurre egiten diezu, baina norbaiten alde ere bazaudela dirudi: euskaldun zaharren-edo "ezjakinen" alde!
Ez dakit alde agertzen naizen, baina asko estimatzen ditut. Hasteko, belarriz, gozatu egiten didatelako belarria. Ezjakintasun jakintsua dutenak, pretentsio kulturalik eta pretentsio orojakilerik gabeko mundu horren azkeneko aztarna horiek asko estimatzen ditut.
Zure liburuak ez al du inongo polemikarik sortu?
Polemika? Ez dakit. Azaldu diren bi-hiru kritikak, jendeak esaten dizkidan gauzak
Gai hau dela edo bestea, inork ez dizu ezer aurpegiratu?
Batzuetan daukat inpresioa ez ote nauten oso urruti ikusten. "Tipo hori, ufff! Ez dago gure terrenoan; ez dago terreno errealista baten barruan; dabilela!" pentsa dezakete... Beno, jendeak esan izan dizkit gauzak kontra: "Hau ez duk ondo esan... Hau ez duk horrela..." eta ez dakit zer. Baina lurrikara bat? Tsunami bat? Horrelako gauzarik ez da izan. Horretarako jende oso inportantea izan behar da, izenduna; eta ni ez naiz jende inportantea. Eta izateko zerarik ere ez dut, eh! Nahiago dut nirean segi. Libreago naiz horrela edozein gauza esateko.