Euskarazko prentsako sektorearen eskaera

Iban Arregi (Bertako Hedabideetako arduraduna) 2005ko urr. 17a, 18:10

2006rako euskarazko prentsarentzat aurrekontuetan milioi bat euroko hazkundea izatea, eta, bestetik, diru laguntzen zenbatekoa urtearen lehen sei hilabetekoan jakin eta ordaintzeko modua egitea

Euskarazko prentsaren sektoreak eskaera garbia egin dio Eusko Jaurlaritzari, lehengo astelehenean Donostian egindako agerraldiaren bidez —eskaeraren egileen artean dira Hitza denak—: batetik, 2006rako euskarazko prentsarentzat Eusko Jaurlaritzako aurrekontuetan milioi bat euroko hazkundea izatea, eta, bestetik, diru laguntzen zenbatekoa urtearen lehen sei hilabetekoan jakin eta ordaintzeko modua egitea.

Izan ere, Jaurlaritzaren Kultura Sailaren aurrekontuetan 2000tik 2005a arte ez da atal horretan hazkunderik izan, nahiz eta euskarazko prentsan aurrerapausoak eta proiektu berriak sortu diren azken bost urteotan. Horra hor Berria-ren sorrera eta honek Egunkaria-rekiko izan duen hazkundea, hor astegunkarien sorrera, eta hor Hitza proiektuaren sorrera eta honek gaur egun daukan dimentsioa.

Hain zuzen, gaur sei Hitza daude: Tolosaldean eta Leitzaldean, Oarsoaldean, Lea-Artibai eta Mutrikun, Urola Kostan, Goierrin eta Donostian. Kontuak kontu, Hitza denek egunero ia 50.000 ale banatzen dituzte, 52 orrialde dauzkate, hamar egoitza, bost webgune, aldizkari bat, Hitzetako erredakzioan 60 bat langile daude, bestela beste 140 bat (banatzaileak, komertzialak), Hitzek aste osoa okupatzen dute, urte osoa, hainbat kanpo zerbitzu erabiltzen dituzte… Eta abenduan, zazpigarren Hitza sortuko da: Busturialdean.

Beraz, azkenaldian euskarazko prentsak eman dituen aurrerapausoekin, esan dezakegu: sektorea, proiektu eta produktu aldetik, behin ere baino indartsuago dago.

Baina indartsuago egon behar du, euskaldunontzat komunikabide erreferentzialak euskarazkoak izateko eta komunikabideok geure hizkuntzaren normalizazioan eraginkorragoak izateko. Horretarako, jakina, sektoreko enpresa edo elkarte bakoitzak kalitateko zerbitzua eman behar die euskaldunei, eta diru iturriak handitu egin behar ditu (publizitatearen eta harpidetzaren bidez). Baina gaur egun, oraindik, erakunde publikoen erantzukizuna ere erabakigarria da.

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) 1998an onartu zuten Gasteizko Legebiltzarrean, eta planaren "helburu nagusia, euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak bermatzeko behar diren hizkuntza-politikako neurriak erabakitzea eta bultzatzea da. Euskal Herrian, maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean, euskararen berreskurapen osoa lortzeko euskararen aldeko urratsak areagotzea".

Eta komunikabideen alorrari, teorian, garrantzi handia ematen dio EBPNk: "Komunikabideen garrantzia gero eta handiagoa denez, euskarazko komunikabideak hizkuntza-normalizazioaren arlo estrategikotzat jo behar ditu administrazioak". EBPNren hirugarren ardatz estrategikoak dio euskarazko komunikabideek "lehentasun altua" dutela eta "toki mailako euskarazko komunikabideak sustatu eta landu" egin behar direla.

Euskarazko prentsak 1998tik aurrera egin du, batik bat toki mailakoak, baina 2000tik Kultura Sailean sektoreko aurrekontua ez da igo. Kultura Saila ez da errealitate berrira egokitu; ez du pausoa eman aurrera. Segitu du diru laguntzak ematen —haien artean, Hitza bakoitzari—, baina diru poltsa handitu gabe eta dirua elkarte gehiagoren artean banatuta.

EBPNk berak 1998an zioen "euskarazko prentsa erdarazkoaren mendekoa" dela. Egoera hori aldatzen ari da, gure ustez batez ere tokiko egunkariak dauden lekuetan, baina oro har jauzia ematen hasi nahi bada, ezinbestekoa da erakunde publikoek sektore hau benetan estrategikotzat jotzea.

Gainera, euskarazko prentsak lehen diru askorik ez eta beti, gainera, itolarria izan ohi du bere ordainketak egin ahal izateko ere. Besteak beste, Eusko Jaurlaritza diru laguntzatan asko atzeratzen delako. Urtearen hamargarren hilabetean gaude eta euskarazko komunikabideek oraindik ez dakite zenbateko laguntza emango dien Jaurlaritzak, ezta noiz jasoko duten ere. Urteroko kontua da hori. EAEko 2005eko diru laguntza deialdia maiatzean egin zuen Jaurlaritzak, enpresek eta elkarteek hilabeteko epea eduki zuten proiektuak aurkezteko, baina oraindik ez dakite euren egitasmoak diruz lagunduko dituzten, ezta zenbat eta noiz jasoko duten ere.

Jaurlaritzaren laguntzak garrantzitsuak izan ohi dira Hitzetan ere (aurrekontuaren %8-10), baina beranduegi iristen dira. Eta horrek arazoak sortzen dizkie euskarazko prentsakoei: maileguak eskatu behar, dirua aurreratu, ezin inbertsiorik egin, gastuei aurre egin behar (soldatak, inprimategia, banaketa...) eta abar.

Euskarazko prentsak ezin du beti horrela bizi. Horregatik eskatu dio Eusko Jaurlaritzari gehiago inplikatzeko.

----

Oharra: Bertako Hedabideak enpresa, Hitza guztietan bazkide da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide