Zine Klub taldearen jarraipena "kinka larrian" dago

Urola Kostako Hitza 2005ko urr. 18a, 19:10

Gaur egungo Soreasuko aretoa botatzen dutenean film emanaldietarako aretorik gabe geratuko dira (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko Zine Klub taldeak 28 urte daramatza lanean, baina gaur egun taldearen jarraipena kinka larrian dago. Atera duten idatzi batean, taldearen etorkizuna "iluna" dela diote. Horren arrazoiak bi dira, batik bat: Soreasun kultur gune berria egin behar du Udalak, eta urtearen amaieran obrak hasteko, gaur egungo Soreasu aretoa botatzen hasiko dira, eta zine emanaldietako beste areto egokirik ez dago herrian. Bestetik, urteetan ez da partaide berririk sartu taldean, eta betikoek jardun dute lanean.

Udazkena heldu ahala, urtero, ikasturte berria hasten zuen Azpeitiko Zine Klubak. Halaxe egin du 28 urtez. "Urtero garai honetan Azpeitiko Zine Klubak bere agerraldia egin izan du, berak antolatutako ekitaldiak antolatzeko. Aurten ere hemen gara, baina ez urteko ekitaldiak aurkezteko", diote Zine Klubekoek.

Idatzia taldearen kezkaren berri emateko atera dute. Soreasuko areto zaharra botatzen dutenean, emanaldietarako toki egokirik gabe geldituko dira: "Ohizko emanaldiak egiteko lekua faltako dugu, Soreasu ez dagoelako. Guk, 35 milimetroko formato komertzialean botatzen ditugu gure pelikulak. Horrek esan nahi du pantaila handia eta 35 milimetroko proiektorea behar ditugula, eta ez dugu ikusten betebehar horiek eskaintzeko moduko beste areto egokirik dagoenik herrian".

Bestetik, Euskal Antzerki Topaketak daude (azaroaren 4an hasiko dira) Soreasun, eta antzerki emanaldiek Zine Klubekoekin bat egiten dute, "beraz guk, denbora horretan, gure jarduna eten beharra daukagu. Horregatik, urrian gehienez bi film emango genituzke eta gero, abenduan, ahal balitz Gabonetako zine zikloa, baina oraindik ez da ziurra antolatzerik izango dugunik, Soreasu garai horretantxe hasiko direlako botatzen". Soreasuko areto berria egin bitartean, Zine Klubekoek euren jarduna bertan behera utzi beharko luketela diote: "Esaten dutenez, hiru urte inguru izango dira".

Erreleborik ez

Areto eza tarteko, gogoeta egin dute Zine Klubekoek, eta nahikoa etsita ageri dira: "Zer gertatuko da hemendik hiru urtera? 28 urtez aritu gara lanean, eta denbora-epe luzea da hori. Zinezaleei eta herri osoari zerbitzu bat eman diogu, baina urteek nekea ekarri digute eta jende berririk ez dator taldera; talde orotan gertatu behar duen errelebo osasungarria egiteko. Beraz, erreleborik ez badago, Zine Klubaren etorkizuna oso iluna ikusten dugu. Ea zine zaleren batzuk agertzen diren, gure lekukoa hartu eta guk adina urtean, ahal bada, aurrera egiteko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide