18/98+: asteartean Azkoitira, 'Kaiera' ekimenera

Uztarria 2005ko urr. 24a, 12:10

Eskualdeko 18/98+ taldekoak, lehengo ostiralean, Azkoitian.

Eskubide politiko eta zibilen aldeko ekimena da, eta Euskal Herri osoan dabil

19:30ean hasiko da Azkoitiko ekitaldia; 10:00etan Azpeitiko plazan izango dira eta 12:30ean Ikasberrira iritsiko da

Lau azpeitiar inputatuta daude: Mikel Azkune, Eneko Etxeberria, Miren Odriozola eta Garikoitz Etxeberria

"Eskubide politiko eta zibilen defentsa sozializatzeko dinamika berri bat pizteko helburuarekin", 18/98+ taldeak Kaiera ibiltaria abiatu zuen orain dela bederatzi egun. Azaroaren 12ra bitartean (Durangon bukatuko da), ez du etenik izango. Euskal Herriko hiriburutik eta hainbat herritatik igaroko da Kaiera, eta bereziki, inputatuen herrietan egongo da presente.

Hala, Kaiera Urola Kostan, Azkoitian izango da, hilaren 25ean, asteartean. 19:30ean hasiko da ekitaldia. Aurrez, 10:00etatik 11:00etara Azpeitiko plazan izango dira. 12:30ean Kaiera Ikasberri Azpeitiko Ikastolara iritsiko da. 18:30ean, berriz, Azkoitiko udaletxera eta Udalak harrera egin dio.

Azkoitian herriko plazan egingo diote ongietorria, eta horretarako egitarau berezia antolatu dute. Kaiera-n idazteko aukera zabalduko da herritar guztientzat. Kultur ikuskizuna ere izango da plazan: adarra eta txalapartariak, Jokin Uranga eta Jon Maia bertsolariak, Xabier Gantzarainen eta Jose Luis Otamendiren irakurraldia, 18/98 sumarioko inputatuei dantza eskaintza eta Imuntzo trikitilaria. Txorizo egosia eta sagardoa upeletik doan edateko aukera ere izango da.

Eskualdean bederatzi lagun dira 18/98 prozesuan auzipetuak, haietako lau azpeitiarrak: Mikel Azkune eta Eneko Etxeberria (Egunkaria auzia), Miren Odriozola (Udalbiltza) eta Garikoitz Etxeberria Kafe (Jarrai-Haika). Besteak: Joseba Permach eta Mikel Arregi Ertxin (HB-EH-Batasuna), Sabin Juaristi Torre azkoitiarra (Gestora-Askatasuna), eta IƱaki Uria eta Txumar Iturria (Egunkaria).

Ekimenak atxikimendu ugari jaso ditu eskualdean, sindikatu, ikastetxe, kirolari, kultur talde eta hainbat herritarrena hain zuzen ere.

Azpeitiko atxikimenduak:
- Julian Eizmendi Azpeitiko alkatea.
- Alex Etxeberria, Azpeitiko EAJko lehendakaria.
- Habea Herri Plataforma.
- Julian Unanue, EAko Azpeitiko lehendakaria.
- Manuel Unanue, EAko zinegotzia Azpeitiko Udalean.
- Laxaro Azkune (kazetaria).
- Jose Luis Frantzesena (musikaria).
- Imanol Lazkano (bertsolaria).
- Xebaxtian Lizaso (bertsolaria).
- Jose Luis Gorrotxategi (bertsolaria).
- Nuarbe Sokatira Taldea.
- Mikel Aranburu (futbolaria).
- Mikel Labaka (futbolaria).
- Aitor Zulaika (futbol entrenatzailea).
- Alfonso Etxeberria (sindikalista ohia).
- Uztarria Kultur Koordinadora.
- Literaruzta Taldea.
- Ikasberri Azpeitiko Ikastolako batzordea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide