Gaur hasiko dira Antzerki Topaketak

Urola Kostako Hitza 2005ko aza. 5a, 13:11

Atzo aurkeztu zituzten XXIII. Euskal Antzerki Topaketak, udaletxean. Aurkezpenean Udaleko kultura arduradunek, aktoreek, zuzendariek eta Topaketetako kartelaren egileak parte hartu zuten.

XXIII. Euskal Antzerki Topaketetan antzezlanei eman nahi izan dio garrantzia Udaleko Kultura batzordeak (Urola Kostako Hitza)

Antzezlanei garrantzia ematen saiatu dira Udaleko Kultura arduradunak XXIII. Euskal Antzerki Topaketetan. Atzo, azaroaren 4an, aurkeztu zituzten, eta gaur da lehen emanaldia, Neska politak, artasoro alaiak antzezlana ikusiko da Soreasun.

Aurten ere herriko bi antzerki talde izango dira Topaketetan: Emakumeen Antzerki Tailerra eta Lakrikun Antzerki Taldea. Horiez gain, Gurutze Eizmendik zuzenduta Erika Olaizolak eta Xubane Izak hiru zati dituen antzezlana taularatuko dute eta Juanito Bikendi zena goraipatuko dute hilaren 18an. Emakumeen Tailerrak hiru urte daramatza lanean, baina Topaketetan aurten antzeztuko dute aurrenekoz. "Tailerreko kideok asko saiatzen ari gara eta oso gustura gabiltza", adierazi zuen atzo Mari Karmen Borda Tailerreko antzezleetako batek.

Lakrikunek antzezlana estreinatuko du aurten ere: Alaitz Olaizolak idatzitako Zintzilik obra da. "11 urtean ari da Lakrikun lanean eta bi urtean behin antzezlan bat estreinatzeko ohitura hartu dugu. Baina iaz antzezlan berria egin genuen Topaketetan, eta aurten beste berri batekin gatoz. Udalarekin negoziatu dugu, guri antzezlan berri bat prestatzeko eskatu zigun eta Udalak guk egindako lana zabaltzeko konpromisoa hartu du", zioen Olaizolak. Topaketa hauetan azpeitiarrak izango dira antzerki amateurraren ordezkari bakarrak: "Amateurrak gu bakarrik gara oraingoan, baina profesionalak eta amauterrak ez gaude elkarren aurka, eskutik emanda ibili behar dugulako".

Antzerki profesionalen emanaldien artean hiru antzezlan nabarmendu zituen Aitor Gorrotxategi Udaleko Kultura batzordeburuak. Horietako bat, Kandido Uranga aktore zumaiarraren Henry Bengoa Inventarium bakarlana da; hilaren 11n da. Urangak Bernardo Atxagaren testua baliatu du antzezlana egiteko: "Nire ustez Atxagaren testurik interesgarriena da, sakona da oso. Hitza da antzerkia egiteko daukadan altxorra, eta hitzak gehienetan paperean agertzen dira, orain paperetik taula gainera eramatea izan da nire ahalegina".

Lakrikun Antzerki Taldeak bakarrik ez du estreinatuko obra, Txalo produkzioak ere lan berri bat egingo baitu Azpeitian: Ernesto Caballerok idatzitako Erreleboa. Atzo Xabier Agirrek adierazi zuenez, "ohorea" da beraientzat Topaketetan parte hartzea, "euskal antzerkiaren plaza erreferente bat delako". Antzezlanaz ere jardun zuen Agirrek, 80ko hamarkadan idatzitako lana da, soldaduska egitea derrigorrezkoa zen garaikoa. "Antzezlanean, bi gazte euskaldunek Algecirasen topo egingo dute, bata soldaduska bukatzeko azken egunetan dago eta besteak aurreneko eguna du. Guretzat garrantzitsua izan da istorio antimilitarista hau aurrera eramatea, komedia puntua du". Hilaren 26an estreinatuko dute Soreasun.

Izarraitzen antzezlana

Hilaren 12an antzezlan handi bat ikusteko aukera egongo da, Kaukasiar kreazko borobila. 21 lagun (17 aktore eta 4 musikari) taularatuko dira, eta horregatik Soreasun izan beharrean Izarraitz pilotalekuan egingo dute. Miarritzeko Chimeres antzerki taldeak eta Donostiako Pok Produkzioak-ek Bordel Akitaniako Antzerki Nazionalarekin batera ekoitzitako lana da. Bertolt Brecht-ek idatzi eta Itxaro Bordak euskarara itzulitakoa. "Aktore guztiak ez gara euskaldunak baina euskaraz egingo dugu", zioen atzo Olatz Beobide aktoreak. Obra bizia dela zioen, "ikuslegoa taularen bi aldetara egongo da, horrek indar berezia ematen dio obrari, guk ikuslegoa gertu edukiko dugu eta ikuslegoak ere gertu sumatuko gaitu". Jean Marie Broucaret antzezlanaren zuzendaria ere atzo Azpeitian izan zen. Ez zen aurrenekoz etorri Topaketetara, Bordaxuri antzerki taldearekin ere egona baita. Honek ere obraren ezaugarriez jardun zuen: "Kultura eta hizkuntza desberdinetatik datozen aktoreen sustraiak uztartu ditugu euskaraz antzezlan hau egiteko. Euskal kultura eta hizkuntzatik abiatu eta modu unibertsal batean hedatu nahi izan ditugu antzezlanak agertzen dituen kezkak. Toki zehatz batetik abiatzeak asko laguntzen baitu tematika zabal bat ulertzen".

Soreasuko azkenak

Soreasu antzeztokiaren eraikina botatzen hasi aurretik egingo diren azken Antzerki Topaketak izango dira hauek. Dena dela, datorren urtera begirako asmoekin pentsatzen ere hasita dago jadanik Udaleko Kultura Batzordea. "Topaketetan etenik egiteko asmorik ez daukagu. Agian, Soreasuko eraikin berria bukatu bitartean beste era bateko antzezlanak antolatzea pentsatu beharko dugu", adierazi du Aitor Gorrotxategi Udaleko Kultura batzordeburuak.

Asteburuko emanaldiak

Azaroak 5, gaur
21:30. Soreasu antzokian, Agerre Teatroa: Neska politak, artasora alaiak.

Azaroak 6, igandea
18:00. Soreasu antzokian, Hankatxo produkzioak: Cantervilleko mamua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide