Euskalgintzaren munduan aurkezpen gutxi behar duen gizona da Ibon Sarasola (Donostia, 1946). Ingenieritza eta Filosofia eta Letrak ikasitakoa, hizkuntzalaritzan eginiko lanarengatik nabarmendu da. 1988an Euskaltzain Oso izendatu zuten. Euskaltzaindiako Hiztegigintzako batzordeko buru da, eta Euskara Batuko batzordeko kide. Euskal Filologia irakaslea izan zen 1987tik 1999ra Bartzelonako Unibertsitatean, eta 1998az geroztik Euskal Filologian katedraduna da.
Lan ugari argitaratu ditu Sarasolak bere ibilbidean, era askotarikoak gainera: literaturari buruzko saiakera, poesia... Bere lanik mardulenak eta agian ezagunenak, ordea, hiztegigintzan egin ditu. Aurten bertan, esate baterako, Orotariko Euskal Hiztegia osatu duen lan-taldearen buru izan da Ibon Sarasola, 1970ean Koldo Mitxelenak ekindako lanari amaiera emanez.
Euskarak amaraunean duen corpusik handienaren zuzendari ere bada Ibon Sarasola: Ereduzko Prosa Gaur
Kolaboratzaile eta bultzatzaile
Ibon Sarasola eta erabili.com, erabili.com eta Ibon Sarasola, webgune beraren sorreratik elkar-lotuta egon dira. Aipatu azken urtebete pasako etenaren aurretik, Sarasolaren artikuluak astero-astero, asteazkenetan, argitaratzen ziren erabili.com-en.
Webgune honen sorreran argitaratu zen lehen artikulua (Eleanitz , 2003-04-01) Ibon Sarasolarena izan zen. Berari eginiko elkarrizketa argitaratu eta hurrengo egunean izan zen. Harrez gero eta astero, esan bezala, euskal termilogoarekin, hitzekin, lotutako artikulu bana argitaratu zuen Sarasolak erabili.com webgunearen Iritzi-muinetik sare-aldizkarian. 39 izan ziren guztira. Azkena, Hanburgesak , 2004ko apirilaren 21ean argitaratu zuen.
Kolaboratzaile estu eta handi ez ezik, webgune sortu berri haren bultzatzaile ere bihurtu zen hizkuntzalari donostiarra.
Interesa eta eztabaida
Bere lankidetzaren itzuleran aurreko ildo berari eutsiko dio Ibon Sarasolak erabili.com webgunean. Hots, astero, asteazkenero, hitz bat, termino bat aukeratu eta horri buruz idatziko du euskaltzain donostiarrak, bere gogoetak egin eta iritzia emanez.
Sarasolak erabili.com-en plazaratutako artikuluek interes handia piztu izan dute webgunea erabiltzen dutenen artean. Interesa, eta eztabaida ere bai. Iritzi trukaketa, interakzioa, eragin ohi dute Sarasolaren lanek erabili.com irakurtzen dutenen artean. Webgune orok nahiko lukeena alegia, irakurleak beraganatzea eta hauen parte-hartzea lortzea.
Gure harrobia
2005eko azaroaren 9a izango da, beraz, Ibon Sarasola eta erabili.com webgunearen lankidetza berriro abian jartzeko eguna.
Itzulerako artikuluari Gure harrobia izenburua eman dio Sarasolak. Kirol munduan harrobi hitzaz egiten den erabileraz ariko da bertan Ibon Sarasola, eta seguru bere esanek lehen bezala irakurleen interesa piztuko dutela.