Corrugados Azpeitia SL Grupo Alfonso Gallardo enpresak bere instalazioak handitu ahal izango ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak enpresa inguruko lur eremuetan hiri antolaketako arauen aldaketa onartu duelako.
Arauen aldaketa Corrugados Azpeitia enpresaren inguruetan dauden 88. eta 67. Akamendi-Zumeta-Urbitaundi hirigintzako lur eremuei dagokie. Eremu horiek industriarako lur eremu hiritargarri bezala izendatu dira orain lehen hiritartu ezineko eremuak ziren, beraz enpresa lur horietan handitu daiteke. Koldo Azkoitia foru bozeramailearen esanetan, 88. hirigintzako lur eremuak 12.449 metro koadro ditu eta enpresaren instalazioei erantsita dago. 67. lur eremua, berriz, Akamendi, Zumeta eta Urbitaundi artekoa da, honek 34.162 metro koadro ditu. Enpresaren azpiegiturak lur eremu horietara hedatuko dituzte.
Azpeitia Corrugados-eko azpiegiturak handitzeko lanen barruan hainbat obra egingo dituzte. Gaur egungo laminazio trena edo ijezketa nabea luzatu egingo dute, bukaeran txirrikan biltzeko makina bat jartzeko. Enpresako biltegi eta bulegoentzako bi nabe edo tailer berria ere egingo dituzte. Bestetik, bide sare berri bat egingo dute, aparkalekuekin eta fabrikara sartzen diren ibilgailu astunentzako maniobra toki batekin. Aurrez aipatutako obra horiekin lotuta, 64. Arretxe lur eremuko aurrealdean Ibai Eder ibaiaren eskuinaldea bideratu eta GI-6324 errepideak Gazte baserriaren aurrean duen bidegurutzea antolatu egingo dute.