Asteburu honetan ere antzerki ikuskizunak nagusituko dira herrian, XXIII. Euskal Antzerki Topaketen baitan. Soreasu eta Izarraitz pilotalekua izango dira antzezlanak bilduko dituzten antzokiak. Bihar, azaroaren 12an, 17 aktore taularatuko dira Izarraitzen Kaukasiar kreazko borobila
antzezteko.
Baina biharko Topaketetako emanaldiaren aurretik, gaur gauean bakarlan bat taularatuko du Kandido Uranga aktore zumaiarrak. Bernardo Atxagaren testuan oinarritutako Henry Bengoa Inventarium
lana antzeztuko du, 21:30ean, Soreasun.
Aurtengo Topaketetako antzezlan handiena bihar izango da Izarraitz pilotalekuan, 21:30ean. Miarritzeko Chimeres Antzerki Taldeak eta Donostiako POK produkzioak-ek Bertolt Brecht-ek idatzi eta Itxaro Bordak euskarara itzulitako testuan oinarritutako Kaukasiar kreazko borobila
lana taularatuko dute. Guztira 14 aktore eta hiru musikari ariko dira taula gainean. Ikuslegoa bi aldeetara egongo da, eta "antzezlan bizia" izango da: "Berezitasun asko dituen antzezlana da, bizi-bizia da, oso dinamikoa. Ikuslegoa aurrean duen antzoki arrunt batean baino hurbiltasun gehiago duen antzezlana da", dio Olatz Beobide aktoreak. "Muntaia handiko antzezlana" da eta aktoreek abestu eta dantza egingo dute.