Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerako sarrerak Uztarrian salgai daude

Uztarria 2005ko aza. 15a, 18:11

Hiru txartel mota daude egoitzan: finalerako sarrera, autobusa eta bazkaria; abenduaren 18an da finala

Uztarriak finaleko porra antolatuko du; abenduaren 5etik aurrera

Hilabete falta da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala jokatzeko (abenduaren 18an da, Barakaldon, BECen; 11:00etan hasiko da) eta hara joan nahi duenak, Uztarriaren egoitzara etorri besterik ez du, bertan gaurtik (asteartea) salgai daudelako finaleko sarrerak, Bertsozale Elkartearekin elkarlanean.

Hain zuzen, hiru txartel mota daude salgai: sarrera, autobusa eta bazkaria.

  • Finalerako sarrerak. Finalerako 200 sarrera ditu salgai Uztarriak. 25 euro balio dute. Sarrerak ez dira zenbakituak.
  • Autobusa. BECera joateko autobusa Etxe Zuri aurretik aterako da, 08:40ean; autobuserako 50 txartel daude eta txartel bakoitzak 12 euro balio ditu.
  • Bazkaria: Finala goiz eta arratsaldeko saioa da eta BECen bazkaltzeko aukera izango da. Horretarako, ordea, aldez aurretik txartela erosi behar da. Txartelak 18 euro balio ditu. Bazkaria: babarrun gorriak txorizo eta saiheskiarekin, xolomo albardatua piper gorriekin, San Markos tarta, kafea edo infusioa, ogia, ura eta ardoa . 50 txartel daude Uztarrian.

Uztarriaren porra finalerako

Uztarria Kultur Koordinadorak, finaleko sarrerak saltzeaz gain, finaleko porra antolatuko du, nahi duen orok parte hartzeko.

Hain zuzen, abenduaren 5etik aurrera egongo da porran parte hartzeko aukera. Izan ere, finalerdietako azkeneko saioa abenduaren 4an izango da. Abenduaren 5ean emango ditugu apustuko xehetasun gehiago.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide