Sanjuandegin aparkalekuak berrantolatzeko proiektua eginda dauka Azpeitiko Udalak. Orain, Salben lehen zeudenez gain, 45 aparkaleku berri egiten ari dira, 26-31 zenbakien artean.
"Lehen autoak espaloietan eta gune berdeetan aparkatzen ziren leku horretan, beraz oinezkoentzako gunea mugatu egingo da eta autoak aparkatzeko leku berriak egokituko dira. Berdegunea ahal den neurrian errespetatzen saiatu gara eta han kenduko dena beste leku batean berreskuratuko dugu", dio Jose Mari Arregi udaletxeko aparejadoreak. 90.000 euroko aurrekontua dago obra horiek egiteko, baina hori igo egingo da, lurzorua jaso dutenez saneamenduko azpiegiturak berrituko dituztelako.
Alberdi-Muguruza enpresa ari da obra egiten eta abenduaren amaierarako bukatuta egongo da.
Baina obra hori bukatu ondoren Salbe 20-24 artean hasiko dira aparkalekuak berrantolatzeko lanak. Toki horretan lehengoez gain beste 15 aparkaleku egingo dituzte.
Aparkalekuen gabezia
Joan den urtearen bukaeran Intra enpresak azterketa bat egin zuen Udalak aginduta. Bertan, besteak beste, Sanjuandegin aparkalekuen gabezia zegoela adierazten zen. Orduan Udalak bertako aparkalekuak berrantolatzen hastea erabaki zuen, pausoz pauso. Salbe, Urbitarte eta Jose Antonio Agirre plazaren gunean guztira 909 aparkaleku daude (521 aparkaleku publikoak, 208 lur azpiko aparkaleku pribatuak eta 180 bado partikularrak), baina 935 auto daude, gabezia %3koa da. Horri aurre egiteko 185 aparkaleku berri egitea aurreikusi du Udalak.
Euskal Herria eta Barrenetxen ere aurrerago aparkalekuen berrantolaketa egitea aurreikusita dauka Udalak.
Azpeitian dauden motordun ibilgailuak 7.600 baino gehiago dira gaur egun.