Eztabaida politikoa gatazkaren konponbidearen inguruan kokatzen den honetan, bide poliziala indartuz Euskal Herriaren askatasun egarria ito nahi zutenek huts egin dutela esan dezakegu. Euskal Herriak bizirik jarraitzen du, eta independentea, euskalduna, sozialista edota feminista izateko ateak zabalik ditu gainera. Urteetako borrokaren fruitua da egun daukaguna, baina batez ere, azkenaldian ezker abertzaleak gatazka konpontze aldera emandako pausoen eraginkortasuna azpimarratu nahi genuke.
Horren adibide da, eragile desberdinek Anoetako proposamenarekin bat egin izana.
Baina, hainbeste urtez zatitua eta kanpoko aginduen menpe egoteak zauri larriak eragin dizkio Euskal Herriari. Eta milaka herritarrek beraien nazioaren eraikuntzan egindako lanak bakarrik libratu gaitu gure herria suntsitu nahi zutenen hatzaparretatik. Bere garaian gure herriaren zatiketa defendatu zutenek ere, gaur egungo marko politikoa gainditzea beharrezko dela onartu behar izan dute.
Beraz, ateak zabalik ditugu. Eta eguneroko lana eta borrokarako konpromisoa izango dira etorkizuneko garaipenak lortzeko sekretua. Bide horretan ari da Batasuna. Oztopoak-oztopo aurrera jarraitzen dugu. Politikoki baztertu nahi gintuztenek ere, gatazkaren konponbiderako ezinbesteko eragilea garela onartu behar izan dute. Batasuna, Euskal Herria eraikitzeko tresna eraginkorra dela demostratu dugu. Eta orain, Bide Eginez eztabaida prozesuarekin bultzada berri bat eman nahi zaio. Lau urteko ibilbidearen balorazioa eginez, egun bizi dugun egoeraren azterketa egin eta aurrera begira jarraitu beharreko norabidea zehaztuz. Eztabaida herriz herri garatuko da ehunka abertzale eta ezkertiarren artean.
Eta Azpetian ere abian da Bide Eginez prozesua. Azpetian ere aldaketaren aldeko indarra pisua hartzen ari den honetan, herritar batasunari bultzada berri bat eman nahi zaio. Parte hartzeari bideak irekiz, tresna berriak eskainiz, Azpeitia ezkertiar eta abertzaleago baten alde bidea eginez. Honetaz guztiaz eta gauza gehiagoz hitz egiteko, bi larunbatetan goizeko 10:00etan egingo ditugu herri batzarrak Aitonena aretoan; lehenengoa azaroaren 19an (bihar) eta bigarrena 26an. Besterik gabe, Bide Eginez aurrera!