Babarrun onenetakoak

Urola Kostako Hitza 2005ko aza. 22a, 15:11

Zelai Luze Elkarteko Antton Iturralde eta Karlos Iriarte, Martin Berasategirekin.

Zelai Luze Elkarteko Karlos Iriarte eta Antton Iturraldek hirugarren saria jaso zuten igandean Tolosan, babarrun prestaketan (Urola Kostako Hitza)

Tolosako Babarrun Astearen barruan, igandean babarrunak prestatzeko lehiaketa jokatu zen Ferialekuan Gure Kaiola elkarteak antolatuta: IXX. Tolosako Lehiaketa Gastronomikoa. 22 bikotek eduki zituzten bor-bor babarrunak, nork goxoago prestatuko, eta bakoitzak bere trikimailuak erabiliko zituen. Azpeititik hara joandako bikote bat ere bazen lehiakideen artean, eta hauek goxo-goxoak prestatu zituzten epaimahaiaren arabera, hirugarren saria ekarri baitzuten herrira.

Aurten laugarren urtez joan dira Tolosako babarrun prestaketa lehiaketara Karlos Iriarte eta Antton Iturralde azpeitiarrak eta Zelai Luze Elkarteko kideak. Herenegun, azaroaren 20an, jaso zuten saria ez dute aurrenekoa. Parte hartu duten aurreko urteetan hirugarren eta laugarren sariak jaso izan dituztelako. Beraz, babarrunak prestatzeko duten abilezia ez da nolanahikoa izango.

.22 bikote aritu ziren sukaldari lanetan, nork babarrun ederragoak egingo. Bezperan, larunbatean, babarrun onenaren saria jaso zuen Albizturko Alberto Labakaren uztak. Igandean, babarrun prestaketako lehiaketan Labakaren uztako babarrunak prestatu zituzten lehiakide guztiek, bakoitzak kilo bana. Igandean, Tolosako Gastronomia txapelketako irabazleak Donostiako Gasteiz tabernako Juan Mari Aramendi eta Ramon Lizarazu izan ziren. Txapelketako epaimahaia Martin Berasategi, Hilario Arbelaitz, Pedro Subijana, Luis Aduriz eta Alberto Elorza sukaldariek eta Mendiorotz gastronomia adituak osatu zuten. Ferialekuan egindako babarrun janean 600 lagun inguru elkartu ziren.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide