Soreasu antzokia berritzeko bota egin behar dutela-eta Azpeitiko Zine Klub taldeak bere jarduna bertan behera uztea erabaki zuen urrian. 2005-06an zine emanaldirik ez egitea erabaki zuten. Baina orain Udaleko Kultura batzordearekin hitz egin eta Gabonetako Zine Zikloa antolatzea erabaki dute. "Gabonetako Zine Zikloa bukatzen denean hasiko direlako Soreasu botatzen", dio Olatz Errazkin Azpeitiko Zine Klub taldekoak.
Abenduaren 22tik 30era (abenduaren 22, 23, 26, 27, 28, 29 eta 30ean) haurrentzako zazpi film botako dituzte, 17:30ean, Soreasun. Eta abenduaren 26tik 30era, helduentzako bost film emango dituzte Soreasun, 21:30ean. "Film batzuk eskatuta dauzkagu, baina oraindik ez dugu baiezkorik jaso, beraz ez dakigu ziur zein film botako ditugun aurten", dio Errazkinek.
Zine Klub taldeko jardunari bukaera gabonetako Zine Zikloarekin emango diote. "Soreasu urtearen bukaeran bota behar zutela esan zigutenean, 2005-2006ko emanaldiei ez ekitea erabaki genuen. Urrian bi film emanda ez genuen gure jardunarekin bukatu nahi. Orain Udaletik esan digute, datorren urtearen lehen egunetan hasiko direla Soreasu eraisten eta Gabonetako Zine Zikloa egiteko aukera daukagula. Gure jardunari Ziklo horrekin emango diogu bukaera", dio Errazkinek.
Gabonetako zine ziklo berezia lehenengo aldiz 1984. urtean egin zuen Azpeitiko Zine Klub taldeak. Eta 1990etik aurrera urtero egin dute, haurrentzako eta helduentzako filmak emanez.