Juan Ramon Errasti: "Sari hau eguneroko lanaren errekonozimendua da"

Uztarria 2005ko aza. 23a, 12:11

EFQMren Zilarrezko Q saria eman diote Urola Ikastolari

Gaur egun DBH, batxilergo eta lanbide heziketan matrikulatuta 591 ikasle dituzte, eta etengabeko formazioan 200-300 lagun izaten dituzte ikasturtean

Urola Ikastolak ostiralean (azaroak 18) jakin zuen Zilarrezko Q-a eman diotela. Saria, abenduaren 22an jasoko dute ekitaldi ofizial batean. Gaur egun DBH, batxilergo eta lanbide heziketako 591 ikasle daude ikastolan matrikulatuta, eta ikasturtean 200-300 lagun inguruk egiten dituzte etengabeko formakuntzako ikastaroak bertan. Uztarria, Juan Ramon Errasti Urola Ikastolako zuzendariarekin egon da.

Zer balio dauka ikastetxearentzat sari hau lortzeak?

Guretzat nagusiki eguneroko lanaren eta eskaintzen dugun zerbitzuaren inguruan kanpoko erakunde baten errekonozimendua da. Kanpoko erakunde baten ebaluazioaren arabera, bide onetik goazela eta lana eta eskaintzen dugun zerbitzua ona dela adierazten du sari honek.

Zer saritzen du zehazki jaso duzuen Zilarrezko Q-ak?

Azken finean ikastetxeko zerbitzuak aztertu dituzte, zenbaterainoko zerbitzuak eskaintzen ditugun, hauen ezaugarriak, planteamenduak... ebaluatu dituzte. Kudeaketa arloan ere ikastetxearen ibilbide eta planteamendua kontuan hartzen dituzte; ze hobekuntza egin ditugun... Oro har, ikastetxeko zerbitzu eta funtzionamendu osoa ebaluatu dute. Oraindik txostenak eta ez ditugu irakurri, hori pazientziarekin hartu beharko dugu, beraiek zer ikusi duten jakiteko. Arlo sendoak zein ditugun eta hobekuntza arloak zein diren adieraziko dizkigute bertan.

Era honetako sari bat jasotzeko egin beharreko pausoak zein dira?

Guk arduradunei txosten bat bidali genien, gero beraiek hau ikertu eta ebaluatu zuten. Ondoren, txostenean bildutakoa egiaztatzeko nolabait, irakaslegoaren %35-40arekin, bi ez-dozenterekin, hiru guraso eta hiru ikaslerekin egon ziren; zuzendaritzakookin ere bai.

Aurrera begira zer?

Sari hau garrantzitsua da barrura begira; animoa izateko. Guzti honen mezu nagusia: hau ez da helmuga, abiapuntu bat jarraitzea baizik. Kalitatearen ibilbidea maratoia baita. Lanean jarraitu behar dugu, sariekin edo sari gabe, etengabeko hobekuntza honetan. Bailaran behar berriak sortzen joango direlako eta zerbitzu publiko bat garen aldetik, guk ahalik eta ondoen horiei erantzutea dugu helburu.

Urola Ikastolaren hurrengo erronka zein da?

Gure lehentasunezko beharra orain, irailean ikastexe berrian hasteko modua izatea da; behar dugulako. Erronka nagusia, berriz, Urola bailarako heziketa behar guztieei eta aniztasunari erantzuna ematea da. Horretarako, inguruko beharrak ezagutu behar ditugu, gaur eta etorkizunean beharrei erantzuteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide