'Gure Inguruari Begirada ba't argazki lehiaketaren IV. edizioko argazki irabazleak aukeratu dituzte. Aurreko urteetan lehiaketa horretan hainbat sari jaso izan duen Juan Joxe Agirreren argazkiek jasoko dituzte bi sari garrantzitsuenak: modalitate negatibokoa eta modalitate positibokoa, alegia.
Guztira, hamabi sari banatzen dituzte Azkoitiko eta Azpeitiko udalek Tokiko Agenda 21en baitako argazki lehiaketa horretan. Bi modalitateetako lehen saria 200 eurokoa, eta 125 euroko hamar sari ere banatzen dituzte.
Bi sari horiek aurten Juan Joxe Agirre azpeitiarrak jasoko ditu. Agirrek asko landu izan ditu ingurumena, natura eta paisaia argazkigintzan.
Lehiaketako gainontzeko saridunak ere aukeratu dituzte. Modalitate positiboan Peio Romatet, Mikel Zengotita, Iñaki Etxenagusia, Juan Carlos del Pozo eta Aitor Errazuk saritu dituzte; modalitate negatiboan, aldiz: Aitor Errazu, Carlos Mediavilla, Luis Francisco Llavori, Mikel Zengotita eta Joxe Ramon Larrañaga.
Argazki lehiaketako epai-mahaia urriaren 15ean bildu zen erabakia hartzeko, eta honakoak izan dira saridunak nortzuk diren erabaki dutenak: Anaitasuna eta Lagun Onak mendizale elkartekoen ordezkari bana, argazkizaleen bi ordezkari eta Azkoitiko eta Azpeitiko udaleko ordezkari bana.
"Argazki lehiaketa honen bidez, Tokiko Agenda 21en ezarpen prozesua sustatu eta zabaldu nahi da, herritarren artean ingurumenarekiko kontzientziazioa bultzatu nahi den heinean", diote antolatzaileek. Orain, saritutako argazkiekin datorren urteko egitaraua osatuko dute. Egutegia Azpeitiko eta Azkoitiko etxeetara abenduaren 1ean eta 2an banatuko dute.
Lehiaketa Azkoitiak eta Azpeitiak batera antolatzen dutenez, sari banaketa txandaka egiten dute. Aurten Azpeitiari tokatzen zaio, eta abenduaren 17an, 12:00-etan, Aitonenako aretoan izango da.
Energia Bizi
erakusketa
Astelehenean, azaroaren 28an, Loiolan, basilika ondoko autobusen aparkalekuan Energiaren Euskal Erakundeak antolatutako Energia Bizi
erakusketa inauguratuko dute, 13:00etan. Astelehenetik abenduaren 12ra bitartean egongo da zabalik. Erakusketaren helburuak hauek dira: energiaren zentzuzko erabileraren aldeko jarrera bultzatu, energia berriztagarrien erabilera sustatu, eta energia aurreztearen garrantzia nabarmendu. Erakusketak sei gune ditu, eta 200 metro koadroko azalera hartuko du.