2005ean Azpeitian tratu txarren 10 kasu berri salatu dira Udaletxeko Gizarte Zerbitzuetan. Guztira, 19 kasu landu dira Gizarte Zerbitzuetan, iaztik bederatzi lagun tratamendua jarraitzen ari baitira. 19 kasu horietatik, 18 emakumezkoak dira, eta bat gizonezkoa.
Ertzaintzan 19 kasu horietatik bostek salaketa ipini dute. Bost horietatik bat adin txikikoa da. Azpeitiko Gizarte Zerbitzuetan pasatu den astean jaso zuten azken kasua. Salaketa ipini duten guztiak emakumezkoak dira.
Euskal Autonomi Erkidegora begira jarrita, Ertzaintzak 665 gizonezko atxilotu ditu 2005ean euren bikotekideei erasotzeagatik. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailaren arabera, azken 10 hilabeteetan 1.690 emakumek jasan dituzte tratu txarrak. Urtea hasi zenetik, Euskal Herrian emakumeen aurkako indarkeriak bederatzi emakume hil ditu.
Gaur, azaroak 25, ostirala, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna izanik hainbat ekitaldi antolatu dira herrian.
Ekitaldiak
Hitzaldi-eztabaida. 15:00etatik 17:00etara, Sindikatu Zaharrean, EMAKIN, Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko elkarteko kideek emango dute hitzaldia. Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuak sailak eta Emakumearen Mahaiak antolatuta.
Elkarretaratzea. 19:30ean, herriko plazan, Izarraitzpeko Sorginak eta Azpeitiko Bilgune Feministak deituta.