Bistaeder eguneko zentroak plazak bikoiztu ditu

Urola Kostako Hitza 2005ko aza. 26a, 12:11

Atzo inauguratu zuten berrituta eta handituta Bistaeder eguneko zentroa.

Aldundiak eta Udalak 91.811 euro inbertitu dituzte eguneko zentroan; handitu eta ezinduen beharretara egokitu dute. Ikusi argazki batzuk (Urola Kostako Hitza)

Lehen Aitonena, baina orain Bistaeder izena duen eguneko zentroak, berritu ondoren, plazak ia bikoiztu egin ditu. 16 lagunentzako tokia izatetik 30entzako lekua izatera pasatu da. Atzo, ostirala, azaroak 25, inauguratu zuten Udal arduradunek, Foru Aldundiko Gizarte Politikako arduradunek, Azpeitiko erretoreak eta eguneko zentroko kideek.

Aitonenako eraikinean dagoen eguneko zentroan hainbat hilabetez obrak egin dituzte, eta ezinduen beharretara egokitu dute. 91.811 euroko inbertsioa egin da, eta %75 Aldundiko Gizarte Politikarako sailak jarri du Inbertsioetarako Laguntza Planaren bitartez. Gainontzekoa Azpeitiko Udalak ordaindu du zentruaren titularra delako. "Epe motzerako, datozen 4-5 urteetako beharrei erantzuteko egokitu dugu. Berrikuntza hauek egin ondoren, eguneko zentroan egongo direnentzako erosoagoa izango dela espero dugu", adierazi zuen Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak.

Eguneko zentroa berritu eta ezinduentzako egokitu dute, zerbitzu osoa emateko prestatuz. Hobetzeko obrak egin ondoren, 207 metro koadro ditu, eta toki horretan jarduerak egiteko hiru areto, bi bainu geriatriko eta bi bainugela egokitu, bulegoa, aldagela eta langileentzako komuna ditu. "16 plaza izatetik 30 izatera pasatu da, eta horietatik 12 asteburuetako plazak dira. Hala, eskualdeko eskaria orekatu egin dugu, eta eguneko zentro hau zerbitzu osoa eskaintzera pasatu da, asteburuetan ere irekita baitago", zioen Esther LarraƱaga Aldundiko Gizarte Politikarako diputatuak.

LarraƱagak aurrera begirako proiektuak ere aipatu zituen atzo: "San Martin egoitza berritu eta handitu egingo da. Bestetik, Udalaren gerontologi zentroa ere hor dago, eta horrek egoitza eta eguneko zentroa izango ditu. Hartara, eskualdeko adineko ezinduen beharrei aurre egiteko moduan egongo gara".

Bistaeder, izen berria

Behin eguneko zentroa berritu eta handitu dutenean, bertan egunero egoten direnek izen berria jartzea erabaki dute: Bistaeder izena jarri diote. "Gure txokoa berritu egin da, eta oso polita gelditu da; orain lagun berri gehiago egiteko aukera izango dugu, gainera. Leihotik begiratu eta giro ederra egiten zuen batean jarri genion Bistaeder izena", azaldu zuten atzo eguneko zentrokoek.

Inaugurazio ekitaldiko argazki gehiago hemen klik eginda ikus daitezke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide