Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) atzo, astelehena, azaroaren 28an, aurkeztu zuen Loiolan Energia Bizi
izeneko erakusketa. Loiolako Basilika aldameneko aparkalekuan kokatu dute 200 metro koadroko erakusketa biltzen duen karpa. Julian Eizmendi Azpeitiko alkatea eta Ana Mendizabal Hezkuntza eta Euskara zinegotzia, eta Asier Aranbarri Azkoitiko alkatea izan ziren aurkezpen ekitaldian. EEEko ordezkari Iñaki Bobedak erakusketaren ibilbidea osatu zuen udal ordezkariekin, bere helburuak eta ezaugarriak azalduz.
Erakusketak sei gune ditu. Energiaren eta gizakien arteko harremana, erregai fosilak eta energia nuklearra, energia berriztagarriak, energiaren eraginkortasuna eta zentzuzko erabilpenari buruzko informazioa zabaldu nahi du erakusketak.
"Ikusleak erakusketan aske ibiltzea" nahi dute antolatzaileek. Ikastetxeentzat, aldiz, ordu beteko bisitaldi gidatuak prestatu dituzte. Horretarako begiraleak egongo dira. Informazio panelez gain, audio bidezko informazio osagarria ere lortu daiteke erakusketan zehar.