Hiria argitaletxeak kaleratu berri dituen euskarazko 11 liburu berrien artean, Aitor Aranak (Legazpi, Gipuzkoa, 1963; Urrestillan bizi da) idatziak dira hiru. Hiru liburu horiekin, gainera, Harana bilduma jarri du abian Hiriak, Aranaren lanei lekua egiteko sortua. Narratibakoak dira hiru liburu berriak: Aita-semeak, Lehenbiziko ipuinak eta Ezohiko ipuinak.
Aitarekin maiteminduta dagoela konturatu den gazte bat du pertsonaia nagusi Aita-semeak nobelak. Lehenbiziko ipuinak liburuan, Aranak 17 urtetik 20ra bitartean idatzitako 20 ipuin batzen dira. Ezohiko ipuinak liburuko lan gehienak, berriz, egunkari eta aldizkarietan argitaratuak dira, Berria, Euskaldunon Egunkaria, Deia eta Xut-en batez ere. Bada, hala ere, orain artean argitaratu gabekorik.