Aurrekontuak eta diruaren kudeaketa

Mikel Arregi (Uztarriako kidea) 2005ko abe. 2a, 14:12

Atzo (abenduak 1) eztabaidatu ziren Azpeitiko Udalean 2006rako aurrekontuak

Herritarron iritzi eta beharrak kontutan hartu gabe erabakitako aurrekontuak direla iruditzen zait

Jarduera edo erakunde baten aldi jakin baterako sarrera eta irteeren aurreikuspena; aurreikuspen hori azaltzen duen dokumentua. Diruaren erabileraz, batez ere, aurrez atera beharreko kontuak, beraz. Erabaki horiek zeinek eta nola hartzen diren, hor dago gakoa. Eta hor sartzen digute gola, urtero-urtero, "eskuadratik".

Azpeitiko Udalean berriki eztabaidatu dira datorren urterako aurrekontuak. Eta aurten ere, urtero bezala, kezkatuta nago. Kezkatuta, gutxi batzuek herri osoaren izenean erabakiak hartzea demokratikoa ez dela iruditzen zaidalako. Iritzi ofizialetik hori sinistarazi nahi badigute ere, ez zaidalako ez juxtua eta ez demokratikoa iruditzen hauteskundeetan hautatuak izan diren gutxi batzuek guztion dirua eurena balitz bezala kudeatzea. Jarrera eskuindarra iruditzen baitzait demokrazia boto emate hutsarekin parekatzea: "boto bidez hautatu ditugunez, nahi dutena egiteko eskubidea dute". Ba ez, nire ustez ez. Boto bidez aukeratu ditugu bai, hortik abiatuko gara (nahiz Udalean dauden denak ez liratekeen egon beharko eta beste batzuk "ofizialki" egon beharko luketen, baina hori beste eztabaida bat da). Baina horrek zer esan nahi du, gure dirua kudeatzeko askatasun osoa eman diegula? Ez nuke demokrazia horrela ulertu nahi. Gustatuko litzaidake, diru horren kudeaketan herritarrek zer esana izatea, gizarte eragileen iritzia aintzakotzat hartua izatea.

Baina dirudienez errealitate horretatik urrun gaude. Udalean gehiengoa dutenek erabakitzen dituzte aurrekontuak. Haiek erabakitzen dute arlo sozialera diru gutxi eta azpiegituratarako asko bideratzea; haiek erabakitzen dute euskarara bideratuko den diru estimagarria bitartekoetan gastatzea; haiek euskarazko komunikabideak sortu ala ez sortu, diru partidak berdinean mantentzea; haiek erabakitzen dute 'Azpeitian Zer?'-ri Uztarria aldizkariari baino 4 aldiz diru gehiago ematea; haiek, hain garrantzitsua den etxebizitza arlorako, 4 millioi euroren kudeaketa enpresa bati ematea. Pentsa, azpeitiarron iritzia zenbateraino hartzen duten aintzakotzat, etxebizitzen sustapenean gastatzeko milioika diru bideratu, eta etxebizitza premia aztertzeko azterketa bat bera ere ez dutela egin. Nola hasiko dira ba gizartearekin euren asmoak kontrastatzen? Esandakoa, pena da, baina errealitate horretatik urrun gaude, oso urrun. Hain urrun, udalbatzarrean aurrekontuen eztabaida beste 19 gairekin batera eman dela.

Eta honen aurrean zer? Herri mugimenduetan gabiltzanok behinik behin eskertuko genuke aurrekontuak herriko beharren ispilu izateko saiorik egingo balitz. Munduan zehar badaude adibideak (Porto Alegrekoa dugu ezagunena), eta handik ikasi genezake. Azken helburua, aurrekontu partehartzaileak izatea, agian ez da hain erraza izango. Baina horretarako bidea egiten hastea ez da hain zaila. Foroak, mahaiak, eztabaida-guneak... eskura leudekeen bitartekoak dira. Borondatea behar, ordea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide