Udalaren hizkuntza euskara izango dela arautu dute

Urola Kostako Hitza 2005ko abe. 3a, 14:12

Azpeitiko euskararen udal-ordenantzak onartu dituzte udalbatzarrean

Euskararen normalizazioa lortzeko bidean "beste aurrerapauso" bat eman da, Udaleko arduradunen hitzetan. Azpeitiko Udalean eta udalerrian Euskararen Erabileraren Sustapena eta Normalizazioa Bermatzea Helburu duen Udal-ordenantza onartu zuten herenegun (abenduak 1) udalbatzarrean, EAJ, EA, PP eta PSE-EEko aldeko botokoekin. Alderdien Legearen ondorioz legez kanpo utzita dauden Habeako ordezkariek ez zuten bozkarik eman aurretik udalbatzar aretoa utzi zutelako.

Udaleko euskara saileko arduradunen esanetan, "euskaraz bizi nahi duenari, eskubide hori bermatzea da udal-ordenantzaren helburua" eta beraien ustez, "ordenantzak onartuta aurrerapauso bat eman da euskararen normalizazioaren bidean".

Habeakoen ustetan ere udal-ordenantzekin urrats bat aurrera egin da, "baina orain ordenantza beteko dela ziurtatu beharko da. Hori ziurtatzeko gure prestutasun guztia izango du Udalak". Uztarria Kultur Koordinadorako euskara alorrekoen ustez ere "positiboa" da udal-ordenantza. "Guk, Aholku Batzordean halaxe esan genuen, positiboa iruditzen zaigula, baina gero hori nola gauzatuko den dela kontua. Hor arautzen den guzti hori, benetan horrela izango dela bermatuko al den", diote Uztarriakoek.

Euskarari lehentasuna

Euskararen udal-ordenantzaren izaera udal mailakoa da eta "Azpeitian herritar guztiak edozein harremanetan edo jarduera sozialean, euskaraz bizi ahal izatea du helburua". Euskara eta gaztelania izango dira hizkuntza ofizialak, baina Azpeitiko Udalak lehentasuna euskara sustatzea izango du, ordenantzen hitzaurrean hala esaten da: "Ordenantza honen artikulatuan ez da garatzen, hizkuntza ofizial gisa gaztelania erabiltzeko dagoen eskubidea. Izan ere, soilik euskararen normalizazioa du xede. Alegia, eraginkortasunez bermatzea Azpeitiko berezko hizkuntzaren erabilera erreala —eta ez bakarrik teorikoa—, hiritarrek bi hizkuntza ofizialen artean aukera egin dezaketenean". Hitzaurrean, aurreraxeago onartzen da ia XX. mende osoan zehar, "euskara baztertu egin dela Azpeitiko udal-administrazioan ezezik, harreman publikoetan ere. Hortaz, gaur egun, Azpeitiko Udalaren lehentasuna da euskara sustatzea, hemengo berezko hizkuntza delako". Eragin eremuari dagokionez, Azpeitiko administrazio eremua, kultura alorra eta era guztietako harreman sozialak ditu ordenantzak.

Iñaki Agirreazkuenaga Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio zuzenbideko katedradunaren gidaritzapean egin da Azpeitiko euskararen udal-ordenantza. Eta osatzen hainbat legelarik eta adituk parte hartu dute. Hasierako testuak Azpeitiko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) Udal Aholku Batzordearen ekarpenak ere kontutan izan ditu.

Mendizabal: "Euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzen du"

Ana Mendizabal Udaleko Euskara eta Hezkuntza batzordeburuak dioenez, euskararen normalizazioan aurrerapauso bat eman da euskararen udal-ordenantzak onartuta.

Zein helbururekin onartu dira Euskararen Udal-ordenantzak?

Helburua, Azpeitiko Udalean bertan eta udalerri eremu osoan euskararen normalizazioa bermatuko duten ondorio juridikoak garatzea da. Alor guztietan euskaraz bizi nahi duenak eskubidea du, eta eskubide hori bermatu egiten du ordenantzak.

Ahalegin gehien zein arlotan suposatuko du?

Azpeitian, euskaraz asko bizi gara eta esparru askotan euskaraz egiten da. Baina ahalegin berezia eskatuko du lan munduak, urte hauetan horixe esaten ari naiz behin eta berriro. Lan munduan asko sartzen dira gaztelera eta beste hainbat hizkuntza. Euskaraz harreman informaletan asko egiten da, baina harreman formaletan akats dezente ikusten da eta ahalegin handiena hor egin beharko dugu guk.

Azpeitiko Udalak onartu dituen Euskararen Ordenantza hauek eredugarriak direla diozue. Zergatik?

Azpeitia bezalako errealitate soziolinguistikoa herri gutxitan ematen da. Zorionez, oso egoera ona daukagu. Beste herrietan eta ez dago horrelako ordenantzarik, egongo dira idatzita asmo bezala, baina horrela araututa oso kasu gutxitan dago. Eredugarria zentzu horretan da, eskubide horiek araututa daudelako, ez dira asmoak bakarrik, arauak dira eta hori aurrerapauso handi bat da.

Herritarrei zertan eragingo diete udal ordenatzak?

Herritarrek edozein zerbitzu euskaraz eskatzen dutenean nabarmendu behar dute. Euskaraz jasoko dutenaren bermea izan behar dute ordenantza hauek. Badakit oraindik ere zenbait alorretan, lan eremuan eta zenbait administrazioko erakundetan, Udaletik goragoko erakundeetan, oraindik ere zaila dela. Udalaren nahia erakunde horietan ere ordenantza hauek ezartzea da, edozein zerbitzu euskaraz jasotzeko arauak izatea.

Ordenantzak nola gauzatzea nahi duzue?

Herritarren nahia betetzea da nahi duguna, erakunde guztietara joan eta zerbitzu guztiak euskaraz jasotzea. Gu saiatuko gara eguneroko bizitza euskaraz izaten eta lan munduan sartzen, hori izango da gure erronkarik handiena. Udal-ordenantzak ere bermatzen du udaletxeko lehen hizkuntza euskara dela, hor aurrerapauso handiak egin ditugu eta ia sail guztietan lan hizkuntza euskara da; %100a izateko lanean jarraituko dugu.

Oharra: Azpeitiko euskararen ordenantza erabili.com-en dago irakurri nahi duenarentzat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide