Aranburuk adio esan dio denboraldiari, lesio larri baten ondorioz

Uztarria 2005ko abe. 5a, 16:12

Racingeko jokalari batek belauna hautsi egin zion atzo, sarrera batean; azpeitiarrak ez du telebistaz ikusi nahi

Realeko jokalariari ebakuntza egingo diote asteartean

Azken ordukoa (asteartea, 18:33). Ebakuntza zaila izan dela adierazi du Antton Gorrotxategik

Eskubiko belauna hautsita du Mikel Aranburu Realeko jokalariak, lesioa larria da eta, ondorioz, adio esan dio denboraldiari. Atzo (igandea) egin zuen lesioa, Santanderren, Racingen kontrako Espainiako Ligako partidan. Oriol defentsak egundoko sarrera egin zion, lehen zatian, eta, hala, belauna hautsi. Arbitroak ez zuen falta ere adierazi jokaldian.

Aranburuk aurrealdeko lotailu guruzatuak ditu puskatuta, eta erdialdeko kondiloa eta alboko lotailua ere bai. Realeko mediku zerbitzuek esan dute "lesio konplexua" dela. Bihar egingo diote ebakuntza.

Realeko azpeitiar jokalariak telebistaz ez du sarrera ikusi, gogorik ez duelako, ebakuntza pasatu arte behintzat. Hedabideen aurrean ez du hitz egin nahi izan gaur. Oriol, partida bukatu eta gero barkamena eskatzera joan zitzaion.

Aranburuk 1997an egin zuen debuta Realeko lehen taldearekin, entrenatzaile Javier Irureta zuela, eta duela gutxi jokatu zuen Espainiako Ligan bere 200. partida. 2007a arte dauka kontratua Realarekin, eta orain dela bi hilabete pasatxo esan zuen denboraldi honetan espero zuela "orain arteko onena" egitea. 26 urte dauzka.

Azken ordukoak (20:15). Oriol Lozano da Aranburu lesionatu zuen jokalaria, eta hark gaur esan du ez ziola minik ematerik nahi. "Ezagutzen nauenak badaki behin ere ez zitzaidala burutik ere pasatuko baten bati min ematea joatea. Jokaldia ikusi dut telebistaz, eta esan dezakedana da sentitzen dudala, benetan sentitzen dudala". Racingek Aranbururen aldeko animo oharra atera du.

Realak, berriz, kexa agertu du Arbitroen Elkartean, eta neurriak har ditzala eskatu dio.

(Asteartea, 18:33): Mikel Aranburu Realeko jokalariari gaur goizean egin diote ebakuntza, Poliklinikoan. Arratsaldean Antton Gorrotxategi Realeko medikuak Euskadi Irratiari adierazi dionez, "gutxien-gutxienez sei hilabete beharko ditu Aranburuk berriro futbol zelaira bueltatzeko". Ebakuntza zaila izan dela esan du medikuak: "Kanpoaldea uste baino ukituago zeukan eta barrua uste baino hobeto". Eskuin belaunean sei haustura dituela azaldu du Gorrotxategik. "Lotailuak gurutzatuta eta belauna atze, kanpo eta aurretik ukituta dauka. Ez genuen uste inoiz horrelako zerbaitekin aurkituko ginenik". Gorrotxategiren esanetan, Aranburu lasai egon da denbora guztian eta itxaropentsu dago jokalaria.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide