Campos eta Aiape omendu dituzte egindako lanagatik

Urola Kostako Hitza 2005ko abe. 5a, 11:12

Azpeitiko Ikasberri Ikastolan izan zen ekitaldiko une bat.

Larunbatean, Euskararen Egunean IV. Euskal Eskola Nazionalaren Eguna ospatu zuten Ikasberri Azpeitiko Ikastolan (Urola Kostako Hitza)

Larunbatean (abenduak 3), Euskararen Egunean IV. Euskal Eskola Nazionalaren Eguna ospatu zuten Ikasberri Azpeitiko Ikastolan. Ikastolen bost festa nagusiak aurkeztu eta Antonio Campos eta Roberto Aiape omendu zituzten, ikastolen festetan urteetan egindako lanagatik.

Aurten Euskal Curriculuma hartu dute ardatz antolatutako ekitaldi guztietan. Gai horixe hartu zuten hizketarako goizean Ikastolako biltokian egin zuten topaketan, ia 60 lagun inguru elkartu ziren, tartean beste herri batzuetako ikastoletatik etorritakoak: Tolosa, Tutera, Beasain, Zarautz, Bergara... Ondoren, Euskal Eskola Nazionalaren Eguneko ekitaldia egin zuten. Eta bazkaltzen, 240 lagun. Egon osoan, jende gehiago ibili zen.

Antonio Campos oriotarra eta Roberto Aiape zangotzarrari euskal produktuekin osatutako otarra bana eman zioten Ikasberrikoek. "Bi lagun hauek hitz egin baino gehiago egin egin dute, pausoz pauso hainbat lan eginak dira biak. Camposek, Ikastolen Elkarteko lehendakari zenean, eta ez zenean ere, eta Aiapek, isilean, ikusten ez den lan horretan jardun dute. Herritar askok jardun du ikastolen jai nagusietan lanean eta horiek denak eskertu nahian bi lagun hauei aipamena egin diegu", azaldu zuen Mirari Bereziartuak. Ondoren, Camposek hartu zuen hitza: "Ikastolak niri ez dit ezer zor, nik bai, ordea, ikastolari. Niri bizimodua Kutxak eman dit han lan egiten dudalako, baina bizia ikastolak. Euskal Herriak sortu duen mugimendu interesgarrienetako batean parte hartzea ohorea izan da".

Ikastolen Konfederazioko Pedro Aranburu ere Ikasberrin izan zen larunbatean, Camposen eta Aiaperen lana goraipatu zuen: "Campos bere lanagatik toki batean eta bestean ikusi ahal izan dugu eta Aiape berdin. Hauek egindako lana eskertu beharrean gaude. Gaixotasun bat kutsatzen den bezala ea zuen lana egiteko gogo hori ere kutsatzen zaigun".

Aurten aldaketak

IV. Euskal Eskola Nazionalaren Egunak hainbat aldaketa izan ditu aurten. Garaiz aldatzea erabaki dute Ikasberri Azpeitiko Ikastolakoek eta hemendik aurrera Euskararen Egunean edota Ikastolaren Egunean antolatzea erabaki dute.

Lekua ere aldatu egin dute aurten, lehen herriko plazan egiten zen jaia orain Ikastolan egin dute. Egunarekin berarekin lotutako hitzaldietan ere formato berri bat hautatu dute aurten, afari-tertuliena. Azken hitzaldia ostiralean (abenduak 2) izan zen, Victor Alexandre kazetari eta idazle kataluniarrak identitateari buruz eman zuena. Horretaz gain, lehenago Xabier Garagorri eta Tomas Urzainki izan dira hizlari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide