Azken egunotan uztarria.com-en agertu diren gutunen harira, Azpeitiko aurrekontuen izaera, osaketa eta helburuak ikusirik emakumeoi kezka sortzen zaigu.
Emakumea gutxiesten duen gizarte batean bizi garela esateaz nazkatuta gaude. Emakumeak ez dira subjektu ekonomiko, politiko edo sozialtzat hartuak eta ondorioz ez zaie galdetzen "beraien" beharretaz, iritziaz edo nahietaz.
Baina beti orokortzera jotzen duten hausnarketak egiten dira. Goazen ba zehaztasunetara.
Ez al da Udala herritarrengandik gertuen dagoen erakundea? Ez al die Udalak herritarren interes eta beharrei erantzun behar?
Duela bi urte gertatzen ari ziren kale erasoek kezkatuta, Azpeitiko emakume batzarrak (geure burua herritartzat daukagunak), sinadura bilketa bat martxan jarri zuen. Hilabete bateko epean 1.500 sinadura lortu genituen eta Azpeitiko udaletxera aurkeztu ziren.
Sinadura haiek hainbat eskaera babesten zituzten: - Emakumeen aurkako erasoen aurrean ekiteko protokolo baten diseinua. - Hezikidetza plangintzen lanketa bideratzea hezkuntza munduan, etxe-giroan, lan munduan nahiz gizarte-erlazio mailan. - Biztanlegoa jabetuarazteko kanpainak egitea, eta zerbitzuen inguruko informazioa ezagutaraztea. - Herriko emakumeek, dauden zerbitzu guztien berri zuzena dutela bermatzea. - Genero indarkeria jasan duten emakumeekin harremana izan edo lan egiten duten udal langile eta profesionalen formakuntza bideratzea. - Martxan jarritako protokoloa neurtzeko ebaluaketa sistemak ezartzea, ekimenaren baliozkotasuna neurtzen joateko. - Hau guztia aurrera eramateko ezinbesteko tresna den emakumearen arlo berezitua sortzea Udalean, dagokion plangintza integrala onartuz, eta horretarako beharko diren aurrekontuen onartzea.
Ez dugu uste 1.500 sinadurei kasurik egin gabe, bestaldera begiratzeko zerbait direnik. 1.500 herritarrek (gizon-emakumeak) eskaera horren aldeko apustua egin zuten eta AzpeitikoUdala ihesi atera zen. Bestaldera begiratu eta emakumeoi bizkarra eman zigun.
Ez dugu uste 2006ko aurrekontuetan emakume arloa sortzea aurreikusten denik, ez dugu uste hirigintzan emakumeontzako egokiagoa izango den herria diseinatzen ari direnik, ez dugu uste kulturatik emakumeen sormena bultzatzen denik, ez dugu uste hezkuntzatik emakumeen formazioa gizonezkoenarekin parekatzeko lanean ari direnik hezkuntza sexista heziketatik baztertuz, ez dugu uste emakumeen enplegu aukerak gehitzen ari direnik (ez bada betiko sektoreetan eta soldata baxuagoekin)...
Eta ez dugu uste, Azpeitiko Udalaren asmoak ez ditugulako ezagutzen, ez dira gurekin harremanetan jarri, ez dute gure iritzia ezagutzeko asmorik adierazi.
Azpeitiko emakumeak hemen gaude, kalean, lantokietan, eskoletan, herriko etxebizitza bakoitzean, eta Udalak ez digu ezer galdetu. Bizkarra eman digu.