Loiolabide auzotik Loiolara arteko Esklabetako aldeko lur eremua (19. lur eremua da arau ordezkatzaileetan) urbanizatzeko egin duten proposamenaren berri eman zuten atzo, abenduak 7, Leku Eder Promozioak enpresak eta inguru horretako lur jabe pribatuek.
.19. lur eremuak guztira 153.000 metro koadro hartzen ditu, Esklabatatik hasi eta Olatz bitartean. Leku Eder Promozioek egindako proposamenak toki horretan 664 etxebizitza egitea jasotzen du, "hektareako 43 etxebizitza lirateke, batez besteko dentsitate baxua izango luke", azaldu zuen Jose Mari Elias Toki Eder Promozioak-eko ordezkariak.
Etxebizitza horiek nola banatu ere zehaztu dute proposamenean, eta horren berri ere eman zuen Toki Ederrek: "Lurjabe pribatuen esku 236 etxebizitza libre geldituko lirateke. Lur eremu horren jabeen ia %80a pribatua da. Udalaren esku lur eremuaren %20 dago, Udalak 428 etxebizitza adjudikatzeko eskumena izango luke, horietatik ehun libreak lirateke eta 328 babestutakoak. Babestutako horietan, gero Udalak ikusiko luke udal babesekoak edo babes ofizialekoak liratekeen. Bestetik Esklaben eraikina, eliza ez beste guztia, Udalari emango lioke Leku Ederrek doan, honek eraikitako 12.500 metro karratu hartzen ditu".
.19. lur eremuko lurjabe pribatuek Leku Ederrek egindako proposamenarekin bat egin dute, eta atzo proposamenaren berri herritarrei luzatzea erabaki zuten. Horretarako prentsaurrekoa eman zuten. Bertan lurjabe batzuk bildu ziren. Leku Eder promozioa lur eremu horretako 72.634 metro karraturen jabea da; Ikasberri Azpeitiko Ikastola 6.266 metro karraturen jabe; Damas kate-kistas 21.206, Miserikordia 3.323; Juan Orbegozok 2.424; Jesus eta Maria ikastetxea 9.310; Jose Agustin Insausti 3.739; Ramon Arsuaga 1.190 eta Jose Lasa 1.390.
Leku Eder Promozioek egindako proposamenarekin bat etorri den lurjabeetako bat Ikasberri Azpeitiko Ikastola da. "Lur eremu horretan dago Ikastola, eta Leku Ederrek egin duen proposamenean interes komun batzuk ikusi ditugu, eta horregatik bat egin dugu. Ikastola bezala gure proiektua kontsolidatzeko balioko duela ikusten dugu", zioen Manuel Agirretxe Ikasberri Azpeitiko Ikastolako lehendakariak.
Martxotik udaletxean
Leku Ederrek martxoan aukeztu zuen 19. lur eremurako duen proposamena udaletxean. Orduan alkateari eman zioten eta ordudanik erantzunik ez dutela jaso adierazi zuten atzo. "Proposamena jendaurrean aurkezteko erabakia lurjabe pribatuon artean hartu dugu, denen oniritziarekin. Garai batean inguru honetan kirol ekipamenduak egitea aurreikusi zuen Udalak, baina legealdi aldaketarekin bat asmo horiek aldatu egin dira", azaldu zuen Elias Mendinueta Ikastolaren aholkulariak.
Orain dela hiru hilabete udaletxean alkatearekin beste bilera bat egin zutela esan zuen Mendinuetak, "orduan ez genuen erantzunik jaso proposamenaren inguruan". Erantzunik jaso ez zutela ikusita, Udaleko alderdi guztiekin batzarra egin dute, proposamenaren berri emateko. "Alkatearen erantzun eza dela-eta gu geure buruari erantzun bat topatu nahian aritu gara. Tartean gaur egungo korporazioko zenbaitentzat gogozko ez diren bi erakunde daude, batetik Ikastola eta bestetik Leku Eder eta horiekin gogor jokatzen ari dira", zioen Mendinuetak.
Udala ere 19. lur eremuko lur jabea da, 29.828 metro koadro ditu bertan. "19. lur eremuan 10.000 metro karratu erabilera sozialerako gordeta ditu. Baina 20. eremuko etxebizitzen proiektuari (Loiolabidetik Loiola alderako eremua, Izarra dagoen aldea) izugarrizko bultzada ematen ari zaio. Guk jakin dugunez Udala prest dago 20. eremu horretako etxaurreetan 200 milioi gastatzeko. Susmoa daukagu hor beste zerbait egon daitekeela", zioen Mendinuetak.
"Gu ez gaude dirua galtzeko, baina hau Udalari ondo datorkion proposamen bat dela uste dugu, eta gazteen etxebizitza beharrei erantzuna emateko balioko lukeena gainera", zioen Jose Mari Elias Leku Eder promoziokoak.
Leku Ederrekoen esanetan 19. lur eremua hiritarra da, Lurraren Legeak eskatzen dituen oinarrizko zerbitzuak betetzen dituelako (ura, ibilgailueentzako bideak, elektrikaindarra...). "Gainera mojen hiru etxe, Ikastola, familia bakarreko etxebizitza bat eta eliza bat daude bertan" adierazi zuen atzoko agerraldian.