Aurten ere egundoko fruituak jaso ditu Rosita Lasak bere baratzetik. Beste behin ere poz ederra eman dio limoiondoak.
Soreasu auzoan du baratzea Rosita Lasak, eta bertan du limoiondoa. "Orain dela bost urte edo ekarri nuen limoiondoa. Azpeitira azokara etortzen zen getariar batek eman zidan. Ez da zuhaitz handia, baina iaz eta aurten egundoko limoiak eman ditu, ia kilo erdi ingurukoak", kontatzen du Rosita Lasak.
Limoiondoa ederki zaintzen du. "Zaindu egin behar da, bai, zuhaitza bera handiegia ez egiteko adarrak moztu behar zaizkio martxoa inguruan, eta orain neguan izotzak ez harrapatzeko toldoa jartzen diot gainetik; plastikoa jarriz gero galdu egiten da, eta hobe da toldoa jartzea", dio Lasak. Limoiondoari botatzen dion ongarri bakarra zimaurra da, ez besterik, "bai, bai... Barrenean zimaurra besterik ez diot botatzen, horixe bakarrik. Aurten ere halaxe egin dut".
Iaz limoi handiak jaso zituen, eta baita aurten ere. Baina aurten fruitu gutxiago eman dizkio. "Iaz askok eskatu zizkidaten limoiak, eta banatu egin nituen, baina aurten ez ditu hainbeste ale eman. Baina limoi ederrak ematen ditu, urtsuak" dio.
Orain limoiondoa Soreasutik kendu eta Errezilera eramango du. "Soreasun kulturgunea egin behar duten tokian dut baratzea. Handik atera Errezilera eramango dugu" dio.