Haizea Etxeberria azpeitiarrak 14 urte ditu, eta bederatzi urterekin hasi zen Azkoitiko taldean entrenatzen. Orain Eibarren ere ibiltzen da, eta Espainiako Txapelketan hartu du parte; senior mailara igo dira.
Nolatan hasi zinen gimnasia erritmikoan?
Bederatzi urte nituenean aerobiken ibiltzen nintzen, eta nire amari esan zioten Azkoitin gimnasia erritmikoa zegoela. Zerbait aurreratzeko gogoarekin informazio eske joan ginen, eta horrela hasi nintzen.
Zer moduzko esperientzia izan da Espainiako Txapelketa?
Oso gustura nago. Esperientzia oso ona izan da, eta hurrengo urtean berriro joatea gustatuko litzaidake. Baina nahiko gogorra da, asko entrenatu behar da. Azken hiru hilabete hauetan astean bost egunez entrenatu dut, eta gogorra da, baina gustoko dudanez...
Senior mailara igo zarete, zer suposatzen du horrek?
Orain, Eibarko taldearekin federatuetan ibili naiz, baina utzi egingo dut denbora batez, eta bakarka eskolarretan arituko naiz. Hurrengo urtean taldeka hasiko gara senior mailan. Seniorretan aurreko denboraldian lehenengo hiru postuetan geratu direnak bakarrik lehiatzen dira, beraz maila nahiko altua dago. Futbolean bezala da gimnasia erritmikoan: hiru igotzen dira (senior mailara) eta hiru jaisten dira.
Gogor entrenatu beharko duzu, ezta?
Hurrengo urtean onenekin egingo dugu topo, eta bai, asko entrenatu beharko dugu. Maila altua duen jendea egongo da, eta nahiko zaila izango denez, gogor aritu beharko dugu.