Eñaut Aranbarri: "Kiroldegi gutxi betetzen dira Azpeitikoa bezala"

Urola Kostako Hitza 2005ko abe. 13a, 12:12

Eñaut Aranbarri Atletico San Sebastian taldeko jokalaria.

Larunbatean (abenduak 10) bere herritarren aurka jokatu zuen Eñaut Aranbarrik, Atletico San Sebastian taldeko jokalariak

Eñaut Aranbarri azpeitiarrak Atletico San Sebastian saskibaloi taldean jokatzen du. 16 urte zituenean, AEBetara joan zen saskibaloian jokatzera, eta ikasketak bertan jarraitzera. Han zortzi urte pasatu zituen eta 2002an itzuli zen Azpeitira. Larunbatean (abenduak 10) Lan Mobel Iraurgiren aurka jokatu zuen, eta Atleticok 64-74 irabazi zuen.

Zein izan da saskibaloian izan duzun ibilbidea?

13-14 urterekin hasi nintzen saskibaloian jokatzen. Hasieran beheko mailetan hasi nintzen Iraurgin. 16 urte nituenean Ameriketara joatea erabaki nuen, hemen 16-17 urterekin ez daukazu aukerarik ikasketak eta saskibaloia batera egiteko, Ameriketan hau posible denez, hara joatea erabaki nuen institutuan jokatzera. Institutua bukatzean, bi urte pasatu ostean, itzultzeko asmoa nuen, baina gauzak nahiko ondo joan zitzaizkidan eta unibertsitateko ligan jokatzeko beka lortu nuen. Azkenean beste lau urte geratu nintzen han. Ameriketatik 2002an itzuli nintzen eta etxean egoteko gogoa nuenez, hilabete batzuk jokatu gabe egon nintzen. Ondoren Iraurgiko taldean hiru hilabete pasatu nituen. 2003an hasi nintzen Atleticon, eta gaur arte.

EBA Liga baino maila altuagoan jokatzeko aukerarik izan al duzu?

Tau Gresekin ACBk antolatutako Udako Ligan jokatu nuen, eta baita Fuenlabradarekin ere. Hemen aukera ematen dizute denboraldian zehar taldearekin jarraitzeko. LEBetik ere jaso ditut proposamenak, baina, garai hartan etxean egoteko gogoa nuen, Ameriketatik etorri berria bainitzen, eta azkenean ez jokatzea erabaki nuen.

Zer moduz Atletico San Sebastian taldean?

Oso gustura nago, jende asko lehenagotik ezagutzen nuen eta oso ondo tratatzen naute. Ez dut inongo kexarik egia esan.

Zer moduzkoa izan zen larunbateko partida?

Partida polita izan zen. Oso giro polita egon zen. Iraurgi zoriondu behar dut aurten bikain ari baita eta kiroldegi gutxi betetzen dira Azpeitikoa betetzen den bezala. Saskibaloian jokatzeko oso giro polita zegoen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide